Teknologia albisteak

Elhuyar, otsailaren 11ko emakume eta neska zientzialarien nazioarteko egunerakin bat eginda

Erabiltzailearen aurpegia
2020-02-07 : 15:41

Urtero moduan, aurten ere, Elhuyarrek Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna, ospatuko du, hainbat ekintzarekin. Otsailaren 7tik 22ra bitartean ekintza ugari izango dira Donostian, Bilbon, Ermuan, Soraluzen eta Nerbioi-Ibaizabalen, Basaurin.

Elhuyarrek proiektu asko ditu urtean zehar neska eta emakume zientzialariak batzen dituena, eta horiei guztiei arreta berezia jarri die otsailaren 11n. Horrela, ekintza hauek antolatu edo prestatu ditu egun horren inguruan:

  • Donostian, Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna gaur bertan jarriko da martxan eta otsailaren 14ra bitartean ekintza ugari izango da. Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Adin guztietako jendearentzako (familiak, nerabeak, helduak…) hainbat jarduera antolatu dira (tailerrak, hitzaldi publikoak, ginkana, bisitak, eta abar), eta Elhuyarrek parte hartze aktiboa du. Horrela, bihar, otsailak 8, larunbata: familien txanda izango da, eta Ibaetako Unibertsitate Campusean familientzako ginkana bat egingo da, Elhuyarren eskutik. Ibaetako campusean ezkutaturik izango diren proba guztiak gainditu beharko dituzte taldeek. Bederatzi euskal erakunde (CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa - CFM, CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center - DIPC, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar) elkartu dira 'Emakumeak Zientzian 2020' jarduera-programa zabala gauzatzeko.

Informazio gehiago eta programazio osoa: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/albisteak/elhuyar-emakume-zientzialarien-nazioarteko-egunean-euskal-erakundeekin-bat-eginda

  • Elhuyarrek #ErakusleihoakO11 egitasmoa jarri du martxan Bilboko, Ermuko eta Soraluzeko 21 dendetan. Elhuyarrek 8 emakume zientzialariri buruzko informazioa luzatu die dendariei erakusleihoa atontzeko. Hala, zientzia-emakume horien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira eta emakumeek zientzian izan duten parte-hartzea agerian jartzen lagunduko dute. Otsailaren 7tik 21era egongo dira ikusgai. Gainera, Bilboko denda horietan, otsailaren 10ean, 11n eta 12an, emakume zientzialari horiekin erlazionatutako esperimentuak egingo dira arratsaldeetan, Bizilabeko gazteen eskutik. Ermuako eta Soraluzeko dendak, ordea, herri horietako Bizilabeko gazteek ostegunean, otsailaren 13an, bisitatuko dituzte.
  • Otsailaren 11n, arratsaldez, emakume ikertzaileek gidatutako zientzia eta teknologia esperimentu eta tailerrak egingo dira Ermuko Merkatu Plazan, 6-12 urteko neska-mutilentzat. Ikertzaile profesional horien gidaritzapean, besteak beste, energia esperimentuak (propietate termodinamikoak, suzirien magia, dentsitatearen misterioa) edota teknologia-tailerrak (etxea garbitzeko mikrorobotak, alarma isil eta zaratatsuak) egingo dira. Doako ekimen hau 17.30etatik 19.30era bitarte egingo da.

Informazio gehiago eta programa osoa: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/ermua/albisteak/ekintza-ugari-izango-dira-ermuan-emakume-eta-neska-zientzialarien-nazioarteko-eguna-ospatzeko

  • Otsailaren 15ean Bizilabe STEAM Festibala Basaurin. Nerbioi-Ibaizabaleko gazteek lau hilabetetan zehar Bizilabe tailerretan ikasitakoa erakusteko jaialdia izango da. Ikertzaile profesionalekin batera, eurak izango dira jaialdiko ekintzen gidari. Besteak beste, zientzia eta teknologia-tailerrek, ginkana-zientifikoak edota “Escape-room”-ak, osatuko dute egitaraua. Lorea Argaratek (Telekomunikazio ingeniaria eta “Las Tea Party” DJ bikoteko kidea) emango dio amaiera jaialdiari.

Informazio gehiago eta programa osoa: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/nerbioi-ibaizabal/albisteak/otsailaren-15ean-bizilabe-steam-festibala-ospatuko-da-basaurin

  • Teknopolis telebista-programak saio berezia emango du. Batetik, emakumeek zientzian bizi duten egoera aztertuko dute Txelo Ruiz Vázquez Industria Ingeniaritzan doktore eta EHUko Informatika fakultateko irakasleak eta Itziar Garate López astrofisikari eta Ingeniaritza Eskolako fisika-irakasleak. Bestetik, medikuntzan emakumeek pairatzen duten bazterkeriaz arituko dira Lucía Gallego Andrés eta Sandra Sánchez Urtaza EHUko mikrobiologoak.
  • Emakumezko ikertzaile gazteen elkarrizketak biltzen dituen EKINEAN atala zabalduko du Elhuyar aldizkariak. Informazio gehiago: https://aldizkaria.elhuyar.eus/ekinean/

Erantzun

Sartu