Teknologia albisteak

Hilabete barru amaituko da CAF-Elhuyar sarietarako epea

Erabiltzailearen aurpegia
2020-01-07 : 12:32

Otsailaren 7an, hau da, hilabete barru, amaituko da CAF-Elhuyar sarietara lanak aurkezteko epea. Zubiri-zubiri da aurtengo leloa; izan ere, eremu zientifiko-teknologikoa eta gizartearen artean zubigintzan dabiltzanen lana aitortzea, saritzea eta bultzatzea da sariketaren xedea.

Zientziazale, kazetari eta sortzaile guztiei zuzendutako sariketa da, zientzialari izan zein ez, eta eremu zientifiko-teknologikoan genero-berdintasuna bultzatzeko asmoa ere badu. 

Kategoria hauek ditu sariketak:

Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak  eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko du.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta eskulturarekin saritzen da.

Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.

Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria da.

cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean daude oinarriak zein lanak bidaltzeko modua, baita aurreko urteetan saritutako lanak ere.

Erantzun

Sartu