Teknologia albisteak

CAF-Elhuyar sariketaren irabazleak ezagutuko dira asteazkenean

Erabiltzailearen aurpegia
2019-05-10 : 10:34

CAF-Elhuyar sariketak 25 urte egingo ditu kultura zientifikoa sustatzen, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortuz eta sarituz. Urteurrena ospatzeko, aurten CAFeko egoitzan egingo da sari-banaketa, maiatzaren 15ean.

Sarituen artean izango da Jesus Mari Txurruka Argarate Biologian doktorea, hark jasoko baitu Elhuyarren Merezimendu Saria, zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lanarengatik.

Horrez gain, kategoria hauetako sariak banatuko dira:

Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak saritzen dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak, eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko ditu.

NEIKER Sari Berezia. Lehen sektoreko lan onenari eskainitakoa. Irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat jasoko ditu.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. Kategoria honetan, euskaraz sortu eta 2018an argitaratutako kazetaritza-lan bat saritzen da, 2.000 eurorekin eta Andonegiren eskulturarekin.

Zientzia gizartean sorkuntza-beka. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak bultzatzen dira. Hautatutako proiektuak 5.000 euroko beka bat jasotzen du, proiektua garatzen eta gizartera zabaltzen laguntzeko asmoz.

Sarituak aukeratzeko, bi epaimahaik aztertu dituzte lanak. Dibulgazio-artikulu eta kazetaritza-lanez kide hauek arduratu dira:

  • Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea
  • Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea
  • Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea
  • Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyar aldizkariko zuzendaria
  • Eva Ugarte Sagastizabal, NEIKER-Tecnaliako Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaria (NEIKER Sari Berezian bakarrik)

Zientzia gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, berriz, honako hauek epaitu dituzte:

  • Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologia Saileko katedraduna
  • Koldo Almandoz de La Cruz, zine-zuzendaria
  • Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen proiektuaren emaitza erakutsiko dute egileek, Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewiczek: Bastartak!.

Erantzun

Sartu