Teknologia albisteak

Abian da CAF-Elhuyar sariketa. Igo trenera!

Erabiltzailearen aurpegia
2018-10-19 : 10:56

Abian dira CAF-Elhuyar sariak. 2019ko otsailaren 14ra arte aurkez daitezke lanak. Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko gizarteratzea aitortzea eta bultzatzea dira sariketaren helburuak.  25. urteurrena ospatuko du sariketak.

25. urtez, abiatu da Caf-Elhuyar sariketa, zientziaren eta teknologiaren mundua gizarte osoarekin lotzeko asmoz. Hain zuzen, bi eremu horiek elkartzen dituen garraiobide gisa ere irudika daiteke sariketa, eta hortik dator aurtengo gonbidapena: Igo trenera!. Hauxe baita CAF-Elhuyar sariketaren xedea: zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

Kategoria hauek ditu sariketak:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin eta eskulturarekin saritzen da.
  • Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.

Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria; alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan bi sariak jasoko ditu.

cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean dago informazio guztia, eta 2019ko otsailaren 14ra bitartean aurkez daitezke lanak.

Deskargatu oinarriak | Deskargatu kartela (bereizmen handian)

Erantzun

Sartu