Teknologia albisteak

Teknopolis-en “Plastikoak txipiroi erara" erreportajea, irabazle Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako IV. sarietan

Erabiltzailearen aurpegia
2018-06-08 : 09:40

Elhuyarrek ekoitzitako Teknopolis saioak telebistaren kategoriako saria jaso du Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako laugarren edizioan, “Plastikoak txipiroi erara” erreportajeagatik.

 

Erreportajea plastikoari eskainitako saio baten barruan eman zen Euskal Telebistan, iazko urrian. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitatean, BIOMAT ikerketa-taldea lanean ari da hondakinentzat irtenbide bat aurkitzeko. Zehazki, plastiko biodegradagarriak garatzen ari dira, txibihezurrak, oiloen lumak edo artilea erabilita lehengai gisa. Erreportajeak haien lana jasotzen du, ikerketa-taldeko hiru kideren lekukotzarekin: Koro de la Caba Ciriza, Alaitz Etxabide Etxeberria eta Pedro Guerrero Manso.

EAEko Ingurumen Esparru Programa 2020n aipatzen diren balioen artean, batez ere ingurumen-balioak dira agerikoak Teknopolisen erreportajean: baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, hondakinak lehengai bihurtzea eta abar.

Lanik onenaren saria, berriz, Alex Fernández Muerzak ekonomia zirkularrari buruz  idatzitako erreportaje batek irabazi du (“Estos cinco productos no se compran”). Prentsa idatziaren kategorian, bi sari eman ditu epaimahaiak: bat Araceli Acosta de Lugoren “El mundo dice adiós al mercurio” artikuluari, eta bestea, accesita, Zigor Aldamak idatzitako “Txinak aurpegia garbitu nahi du” artikuluari. Azkenik, irratiaren kategorian, Radio Euskadiren iganderoko “Más que palabras” irratsaioaren barruan Natura 2000 Sareko espazio eta hotsen berri ematen duen atal batek irabazi du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ihobek deitutako Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Sariaren laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta jasangarritasunaren kultura sustatzen duten kazetari eta komunikabideen lana aitortzea da haren xede nagusia.

Erantzun

Sartu