Teknofiloen albistegia

"Xuxen" zuzentzaile ortografiko berritua erabiltzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia
2018-05-22 : 15:48

Xuxen zuzentzaile ortografiko eta gramatikal berria Word 2016rekin bateragarria da, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken aldaketak kontuan hartzen ditu. Hainbat euskarritarako bertsioak daude deskargatzeko prest, doan, xuxen.eus webgunean.

Xuxen 5 euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala erabilgarri jarri genuenetik, Microsoft Office pakete berriak merkaturatu ditu Microsoftek, eta berrikuntzak izan dituzte Euskaltzaindiaren Hiztegiak eta Elhuyarren hiztegiek. Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen 5.1 kaleratu dugu.

Xuxen 5.1 doakoa da, eta xuxen.eus webgunetik eskuratu daiteke. Hizkuntza-irizpiderik berrienak txertatuta eta Worden bertsio berrienetarako prest dago Xuxen 5.1.

Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyarren hiztegietako azken aldaketak kontuan hartzen ditu zuzentzaile berriak zuzenketak eta proposamenak egiteko, eta ordenagailuko programarik berrienekin ere erabil daiteke.

Word 2016rako prestatu dugun bertsioak, aurrekoak bezalaxe, gorriz azpimarratzen ditu akats ortografikoak, eta berdez/urdinez akats gramatikalak eta Euskaltzaindiaren hobespenekin bat ez datozen hitzak.

Xuxen adibideak

Wordekoa da Xuxenen bertsiorik ezagunena, baina beste hainbat programarekin erabil dezakegu Xuxen berritua, bertsio guztiak eguneratu baititugu, eta doan deskargatzeko prest jarri (xuxen.eus/deskargatu):

  • Microsoft Office: Word, Excel, PowerPoint eta Outlook
  • LibreOffice, OpenOffice
  • Firefox, Chrome eta Internet Explorer web-nabigatzaileak
  • Adobe InDesign
  • Hunspell

Mezu elektronikoetan, Interneteko foroetan eta blogetan idaztean ere erabili ahal izango duzu Xuxen, Worden bezalaxe. Horretarako, zuk erabiltzen duzun web-nabigatzailerako bertsioa deskargatu besterik ez duzu egin behar (Firefox, Chrome edo Internet Explorer).

Xuxen web-nabigatzaileetan

Gainera, Xuxenek badu bertsio libre bat ere, Hunspellen oinarritutakoa, eta erabiltzaileen esku dago, beste aplikazio batzuetan txertatzeko. Halaxe egin du, adibidez, Tokikomek; Adobe InDesign CS6rako euskarazko hitz-zatikatzailea eta Xuxenen bertsio berritua bateratu ditu. Informazio gehiago: tokikom.eus/xuxen.

Gure ordenagailuan instalatuta nahiz online erabil dezakegu Xuxen 5.1; izan ere, xuxen.eus-eko kutxan bertan sar dezakegu zuzendu beharreko testua, eta sistemari eskatu akatsak detektatzeko eta zuzenketak proposatzeko.

Xuxen online

Elhuyarren eta EHUko Ixa ikerketa-taldearen urteetako elkarlanaren emaitza da Xuxen 5.1 ere. Duela bi hamarkada baino gehiago hasi ziren elkarlanean Elhuyar eta Ixa, eta horretan jarraitzen dugu euskarak mundu digitalean aurrera egin dezan eta euskal gizarteak baliabide erabilgarriak eskura izan ditzan. Elkarlan horren emaitza da, Xuxenez gain, Matxin itzultzaile automatikoa besteak beste (http://matxin.elhuyar.eus/).

Elhuyar Ixa

xuxen@elhuyar.eus
943 363040  (luz.: 214)

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu