Teknologia albisteak

Hilabete barru amaituko da Caf-Elhuyar sarietara lanak aurkezteko epea

Erabiltzailearen aurpegia
2018-01-15 : 14:16

Abian dira CAF-Elhuyar sariak. 2018ko otsailaren 15era arte aurkez daitezke lanak. Zientzia-dibulgazioko artikulu originalak, argitaratutako zientzia-kazetaritzako lanak eta sorkuntza-bekarako proiektuak onartzen dira. 2.000 €-ko 4 sari eta 5.000 €-ko beka bat banatzen dira, tartean, NEIKERsari berezia, lehen sektoreari lotutako lan onenarentzat.

Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko gizarteratzea aitortzea eta bultzatzea dira sariketaren helburuak. Aurten, uretara jauzi egitera gonbidatu nahi ditugu egileak. Jaurti dezatela beren ideia, proiektua edo artikulua, urrutira iritsiko diren uhinak sor ditzaten, ingurua edo pentsamendua aldatuko duten uhin hedakorrak. Otsailaren 15era arte dute aukera!

Kategoria hauek ditu sariketak:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2017an euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak, edozein formatu eta generotakoak. 2.000 eurorekin eta eskulturarekin saritzen da.
  • Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.

Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria; alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan bi sariak jasoko ditu.

cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean dago informazio guztia, eta 2018ko otsailaren 15era bitartean aurkez daitezke lanak. Deskargatu oinarriak hemen.

Erantzun

Sartu