Teknologia albisteak

Elhuyarren Zientzia Azoka, larunbatean Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia
2017-05-02 : 17:07

Larunbatean, maiatzak 6, egingo da ikertzaile gazteen azoka, Bilboko Plaza Barrian. Ikertzaile gazteek urtean zehar landutako 110 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztuko dira. Egun osoz izango dira zientzia-tailerrak, gazteen stand-ak, eta eremu profesionalaren gunea, eta kultura zientifikoaz disfrutatu ahal izango da.

Maiatzaren 2an aurkeztu dute Bilboko Udaletxean Koldo Narbaiza Olaskoaga jaunak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Amaia Esquisabel Alegria andreak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketaren zuzendariak, eta Leire Cancio Orueta andreak, Elhuyarreko zuzendari nagusiak 2017ko Zientzia Azoka.

Aurkezpenean izan dira, halaber, Elorriko BHI institutuko eta Loiuko Lauro ikastolako ikasleak, iazko azokan aurkeztutako lanak eta bizipenak azaltzen.

Aurtengo Zientzia Azoka egitarau bete-betearekin dator. Eguerdiko 12tan hasi eta iluntzeko 9ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean erronka bati edo galdera bati erantzuteko landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian. Gazteek urtean zehar eginiko lanak izango dira protagonista. Aurtengo azokan, nobedade gisa aurkeztu dituzte eremu profesionalarentzako gunea eta tailerrak. Hauen artean, azpimarragarriena da ‘Musika-laborategia REC’ izenekoa, sari-banaketaren ondoren jarraipena izango duena: Musika-laborategia PLAY, Las Tea Party DJ’s-en eskutik. Familia osoari luzatzeko eskaintza da aurtengo Zientzia Azoka.

Azoka, datuetan

  • Urtean zehar, Euskal Herri osoko 33 ikastetxetako 12-18 urteko 1.150 gazte aritu dira lanean, 350 taldetan. Horietatik, 110 taldek aurkeztuko dute beren lana Bilbon larunbatean.
  • Guztira, 337 gazte: neskak 176, eta mutilak 161
  • DBH ko 79 talde eta Batxilergoko 26 talde
  • Bizkaia (15 eskolako 79 talde), Gipuzkoa (6 eskolako 19 talde) eta Nafarroako taldeak (3 eskolako 9 talde)
  • Estatuko (Exporecerca eta Galiciencia) eta nazioarteko (Mostra Nacional Portuguesa) zientzia-azoketako irabazleak: 3 talde
  • Lanen gaikako banaketa: 18 biologia-geologia, 4 energia, 12 fisika-kimika, 10 gizarte-zientziak, 1 humanitateak, 32 ingeniaritza-teknologia, 22 ingurumena-ekologia, eta 21  osasuna

Egitaraua

12:00 Azokaren irekiera ofiziala instituzio eta erakundeen eskutik

Azokak 3 gune nabarmen izango ditu

  1. Arkupeak. Gazteen stand-ak 12:00 – 14:00 eta 17:00 - 19:00 bitartean
  2. Erdigunea: Eremu profesionala eta tailerrak: 12:00 - 18:30 bitartean
  3. Eszenatokia

19:00 - 20:00 Sari-banaketa

20:00 - 21:00 Las Tea Party DJ’s. Musika-laborategia: PLAY

Aipatzekoa da, Zientzia Azoka Elhuyarrek antolatzen badu ere, Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean egiten dela azoka. Hain zuzen, Ikerbasqueko, UPV/EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko unibertistateko Ingeniaritza Fakultateko eta Digipen Teknologia Institutuko ikertzaileen laguntza jasotzen dutela gazteek haien lana egiteko.

Eta, ondoren, gazteek zientzia-bizipenak luzatzen jarraitzeko, mundu profesional horretan diharduten Euskaltel Konekta Fundazioak, Iberdrolak, ERABIk, Tecnalia Korporazio Teknologikoak, IK4 zentro teknologikoen aliantzak, CICNanogunek, TZBZ Berrikuntza Taldeak, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroak eta Iruñeko Planetarioak haiekin batera egonaldiak egiteko aukera emango diete gazteei.

Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta zientzia- eta teknologia-alorreko pertsonak gazteei hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Zientzia Azokaren babesleak dira: Bilboko Udala / FECYT erakundea (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa) / Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila / Bizkaiko Foru Aldundia / Iberdrola / Euskaltel Konekta Fundazioa, eta Erabi.

Babes horren erakusgarri, konbokatzaileez gain, Zientzia Azokaren babesle eta kolaboratzaile hauek izan dira gaurko aurkezpenean: Miren Nekane Errasti Lozares (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Koordinatzaile Akademikoa), Antonio Bardasco (Tecnaliako marketing arduraduna), Juan Otegui (IK4ko komunikazio-arduraduna), Xabier Díaz Silvestre (BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroko Zuzendaria), Francisco Olarreaga Tellechea (Iberdrolaren ordezkaritza instituzionala, EAEn), Sabino San Vicente (Euskaltel Konekta Fundazioko gerentea), Olatz Basagoiti eta Bittor Cordoba (Euskalteleko Harreman Publikoak sailekoak), Eneko Elorriaga Astigarraga (Erabiko zuzendaria), Ignacio de Otalora Ariño (Digipen Bilbaoko zuzendari nagusia), Josu Oleaga Nuño (The Makery, TZBZeko arduraduna), Itziar Otegi Feliz (CICNanguneko Outreach managerra), Aitziber Lasa Iglesias (Elhuyarreko Zientzia Hezkuntza saileko arduraduna), eta Elorrioko insitutuko eta Lauro ikastolako ikasleak.

Bilboko Plaza Barriko jardunaldia antolatzen laguntzaile izan ditugu, halaber, MetroBilbao, Casco Viejo Zazpi Kaleak Elkartea, Claujamon, eta Nafarroako Zientziaren Kluba, eta horiek ere han izango dira.

Zatoz zu ere Bilboko Plaza Barrira! Zain gaituzu!

Erantzun

Sartu