Teknologia albisteak

Elhuyar, emakume zientzialarien bidelagun

Erabiltzailearen aurpegia
2017-03-06 : 16:06

Beste alorretan bezala, zientzian ere emakumeek gizonek baino oztopo gehiago dituzte aurrera egiteko. Elhuyarren, neskato direnetik lagundu nahi diegu, hainbat proiekturen bidez

Emakumeak zientzian bidea egiten horma-irudia "Emakumeak zientzian" karta-jokoan oinarrituta, horma-irudi bat sortu eta ikastetxeetan banatu dugu, Emakunderen laguntzarekin. Helburua: zientzia-arlo guztietan aitzindari izan diren emakumeak ezagutaraztea gaztetxoei, eta hurrengoak eurak izan daitezkeela erakustea.

Elhuyar aldizkariaren "Ekinean atala". Gertuko ereduak eskaintzeko asmoz, hilero emakume ikertzaile gazte bat elkarrizketatzen du Elhuyar aldizkariak, "Ekinean" atalean.

STING proiektua. Europako proiektu bat da STING, Elhuyarrek gidatua, eta hau da haren xedea: zientzia-irakasleei genero-berdintasunean trebatzen lagunduko dien metodologia bat garatzea. Laster kaleratuko da proiektuaren emaitza, euskaraz eta ingelesez.

Plotina proiektua. Ikerketa-zentroetan genero-berdintasuna lortzea helburu duen Europako proiektu bat da PLOTINA. Europako zortzi herrialdetako zenbait ikerketa-zentro, unibertsitate eta elkarte profesional partzuergo batean elkartu dira horretarako, tartean, Elhuyar, berdintasun-aholkulari gisa. Datorren urtean aurkeztuko dira emaitzak.

► Bide batez, martxoaren 11n, emakumeak eta zientzia ardatz izango dituen Teknopolis saio berezia ikustera gonbidatzen zaituztegu: ETB1n, 13:30ean.

Erantzun

Sartu