Teknologia albisteak
2

Partaidetza errazteko teknologia garatu du Elhuyarrek

Erabiltzailearen aurpegia
2016-05-11 : 10:00

#PartaidetzaOn plataformaren helburua da parte-hartze prozesu fisikoak eta digitalak modu osagarrian lantzea, eta, bide batez, prozesu presentziala hobetzea. partaidetzaon.elhuyar.eus webguneak informazioaren sistematizazioa, bilaketa aurreratua zein sailkatzea errazten ditu.

Egungo gizartea, neurri handi batean, gizarte digitala da. Inoiz ez dugu hain eskura izan teknologia. Hain presente dago gure gizartean, askotan, teknologiaren bidez zabaldu nahi ditugun edukiak ahaztu egiten ditugula, eta euskarria dena jartzen dugu erdigunean.

Partaidetza-prozesuetan ere antzeko joera bat ikusten ari gara: presentziala ordezkatu nahian, partaidetza digitalaren alde egin dute hainbat erakundek, soilik digitala hautatuta. Digitalak, baina, ezin du ordezkatu ez harreman presentziala, ez parte hartzeko modua ere, aurrez aurreko partaidetzak errazten baitu elkar ezagutzea, besteen ideiak eta iritziak zuzenean ezagutzea, elkarrekin eraikitzea, tarteko bideak errazago aurkitzea… Beraz, teknologia baliatu behar dugu partaidetza prozesuetan, baina ez ezer ordezkatzeko, osagarri gisa baizik.

Izan ere, IKT tresnek aukera berriak eskaintzen dituzte: prozesuak kuantitatiboki herritar gehiagorekin garatzeko; komunitatea osatzeko eta harremanetan jartzeko; herritarrek jarrera proaktiboa izateko; gardentasunean irabazteko; eta, funtsean, demokrazian sakontzeko. Beraz, Osatzeko eta errazteko erabili behar dugu teknologia partaidetza prozesuetan, ez ordezkatzeko. Eta prozesu osoko ikuspegiarekin erabili behar dugu, ahal den neurrian, parte hartzeko aukera uneoro eskainiz.

Gaur-gaurkoz, ordea, plataforma gutxik lantzen dute prozesua ikuspegi horrekin: presentziala eta sarekoa elkar osatzeko prestatuak daudenak, fase guztietan parte hartzea ahalbidetzen dutenak, herritarren zein kudeatzaileen ikuspegia bateratzen dituztenak. Balio al dute sare sozial masiboek (twitter, facebook…) partaidetza-prozesuak bideratzeko? Gobernu irekien plataformak nahikoak dira horretarako? Jendea hauetan baldin badago, zergatik ez erabili hauek? Egia da herritarrak informatzeko kanal bat gehiago izan daitezkeela, baina berez ez daude pentsatuta eta diseinatuta partaidetza ahalbidetzeko. Zarata gehiegi dago; gaietan sakontzeko aukerarik ez dute eskaintzen, eta maiz, gainera, azaleko esamesetan geratzen dira; ez dute informazioa sistematizatzeko tresna integraturik; eta, batez ere, ez daude prozesu-ikuspegitik diseinatuta.

Horregatik, bestelako tresnak garatu behar ditugu, informazioa ez ezik, eztabaida, proposamenen lanketa, azterketa eta analisia eta deliberazioa ere erraztuko dutenak. Eta, baita ere, parte hartzeko prozesu fisikoa bukatu ondoren ere hartutako konpromisoei segimendua egiteko aukera eskainiko dutenak. Digitalki esku hartzen duenean ere, herritarrak parte izatearen sentimendua eduki behar du, diskurtsoan eragiteko gaitasuna daukala sentitu behar du, eztabaidaren eta irtenbidearen parte izan behar du. Digitalki parte hartzeak arazoetan murgiltzea eskatzen du, erabakiguneetan egon ahal izatea, emaitzak partekatu eta irtenbideetan ere parte hartu ahal izatea. Eta horrek, ezinbestean, tresna egokiak eskatzen ditu.

Bide horretan ekarpena egitera dator Elhuyarrek, software librean oinarrituta, garatu duen #PartaidetzaOn plataforma (partaidetzaon.elhuyar.eus), parte-hartzea erraztera eta ahalbidetzera, eztabaida eta komunitatearen osaeran laguntzera, prozesu fisikoak eta digitalak modu osagarrian landu ahal izateko, eta, bide batez, prozesu presentziala sustatzeko eta hobetzeko. Era berean, herritarrei zein kudeatzaileei informazioa errazago lantzen laguntzeko tresna izan nahi du, sare sozialen edo Gobernu Irekiaren ikuspegi estua zabaldu egiten duena. Horretarako, hizkuntzen teknologiak barneratuak ditu plataformak, informazioaren sistematizazioa, bilaketa aurreratua zein sailkatzea errazten dituztenak.

Erantzunak

2016-05-11 : 14:35

Kaixo,

Berri interesgarria dela uste dut, gainera eskertzekoa da kodea GPL lizentziapean askatu izana.

Edozein kasutan zalantza batzuk dauzkat, agian ez dudalako behar bezala frogatu. Proiektuak proposatzeko eta kudeatzeko bidea ematen du, hauek eztabaidatzea eta bozkatzea ere ahalbideratzen du... baina zehazki, nola uztartzen du parte-hartze digital eta fisikoa? Ikusi dudanaren arabera independenteak dira, ezta? Parte-hartze prozesu fisiko baten egiten dena ez da zertan islatu behar plataforman, edo aldrebes.

Azalduko didazue prozesua mesedez? Eskerrik asko.

2016-05-11 : 23:15

Kaixo,

Plataformaren garatzaileetako bat naiz.
#PartaidetzaOn-ek prozesuaren kudeaketa aurrera eramateko baliabideak eta erraztasunak eskaintzen ditu. Prozesu presentziala eta digitala uztartzea prozesuaren gidaritza daramaten pertsona, teknikari edo erakundeen ardura izango da.

Gaur egun, parte-hartze prozesu bat fisikoa soilik izanik ere dokumentazio digitala sortzen dugu (bileren aktak, jasotako proposamenen eta eztabaiden laburpenak, bozketen emaitzak,...). Kasu horretan #PartaidetzaOn sortutako dokumentazioa kudeatzeko erabil daiteke eta prozesu fisikoaren berri emateko webgune gisa. Dokumentazio hori plataformara igotzea prozesu gidariaren lana izango da, baina plataformak hainbat aukera eskaintzen ditu lan hori errazteko (jasotako proposamenak multzokoa eta modu azkarrean inportatzeko aukera, agenda eta lan-saioak kudeatzeko erraztasunak,...)

Prozesua digitalki ere gauzatzen bada, sistemak aukera ematen du digitalki sortutako edukiak esportatzeko (diagnostikoa, proposamenak, ekarpenak,...), horiek saio presentzialetara eraman eta bertan lantzeko. Era berean, saio presentzialetan egindako lanketak inportatu daitezke, lehendik zeudenak eguneratuz edo berriak gehituz. Bozketen kasuan, presentzialki jasotzen diren bozkak eta digitalki jasotakoak bereizteko aukera ematen du (bozka mota bakoitzari pisu ezberdina emateko aukera ere aurreikusten da).

Luzatu naiz, baina espero dut zure zalantzak argitu izana.

Ongi izan!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago