Teknologia albisteak

Beterrin berrikuntza soziala bultzatzera (lehen saioa ostiralean Hernanin)

Erabiltzailearen aurpegia
2016-02-23 : 15:29

Eskualdeko berrikuntza sozialean eragiteko Urberritzen prozesua jarri dute abian Donostia-Beterri eskualdeko udalek (Beterri). Donostia-Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan dinamika iraunkor bat sortzea eta eragileak artikulatzea izango dira prozesuaren helburu nagusiak. Lehen topagunea otsailaren 26an izango da (ostirala), 10:00-13:00, Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean. Lehen saiora etortzeko interesa duten eragileek bi bide hauek dituzte izena emateko: 688684956 – 688685586 telefonora deitzea edo enpresa@andoain.eus helbidera idaztea.

Bi kasu praktiko aurkeztuko dira: Azaro Fundazioa eta Bagara Elkartea

Donostia-Beterri eskualdeko udalek (Beterri) Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko proiektua jarri dute martxan, Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentziarekin (Iraurgi Berritzen) eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean. Urberritzen izena jarri diote Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan ikuspegi sozialetik berrikuntza bultzatzeko prozesuari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoari esker gauzatuko da.

Urberritzen egitasmoaren helburu nagusia da Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan berrikuntza sozialean ardaztutako dinamika iraunkor bat sortzea eta eragileen arteko artikulazioa hobetzea, etorkizunean eskualdeko erronka sozialei erantzun propioagoak eta egokiagoak eman ahal izateko eta lankidetza-proiektu berriak sortzeko.

Egitasmo hau ez da hutsetik sortu, ordea; iaz martxan jarritako Beteberritzen proiektuaren segida da. Horrenbestez, az egindako lana eta emaitza kontuan hartuta planteatu dugu Beteberritzen proiektuaren bigarren fasea: Urberritzen.

Proiektua otsailetik ekainera bitartean garatuko da. Otsailetik maiatzera, eskualde bakoitzak bere prozesua izango du, eta, maiatzetik aurrera, bi eskualdeek bat egitea da asmoa, eskualdeen arteko harremanak eta esperientziak landu eta partekatzeko.  

Beterri eskualdera etorrita, aurten, 4 topagune antolatuko dira. Lehen topagunea otsailaren 26an egingo da Hernanin, Gabriel Zelaia eraikinean, 10:00etatik 13:00etara. Saio horretan, egitasmoa aurkezteaz gainera, tokiko garapen-ereduen bi kasu praktiko emango dira ezagutzera: Azaro Fundazioa eta Bagara Elkartea.

Prozesua askotariko eragileekin osatu nahi da, aberasgarria izango baita arlo bateko eta besteko erakundeen ekarpenak jasotzea eta ikuspegiak eta esperientziak partekatzea. Orain, eragileen mapa osatzen ari dira, topagunera eragile estrategiko berriak (ekonomikoak, sozialak, hezkuntzakoak, publikoak…) erakartzeko eta prozesuan parte hartzera gonbidatzeko. Hala ere, eragile berrien ekarpena ez ezik, garrantzitsua izango da iaz parte hartu zuten erakundeen ekarpena ere, eta, horregatik, eskualdeko eragile guztiak animatu nahi dira prozesu berri honetan parte hartzera.

Lehen saiora etortzeko interesa duten eragileek bi bide hauek dituzte izena emateko: 688684956 – 688685586 telefonora deitzea edo enpresa@andoain.eus helbidera idaztea.

Erantzun

Sartu