Teknologia albisteak

Hilabete geratzen da Caf-Elhuyar sarietan lanak aurkezteko

Erabiltzailearen aurpegia
2016-01-12 : 11:30

Otsailaren 11ra arte dago irekita lanak aurkezteko epea. Lau kategoria ditu: bi dibulgazio-artikuluentzat (2.000 €-ko sari banarekin), bat kazetaritza-lanentzat (2.000 €-ko saria), eta sorkuntza-beka bat (5.000 €-ko diru-laguntza).

Azaroan abiatu zen CAF-Elhuyar sarien 2015eko edizioa, “Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde” leloarekin. Hain zuzen, gizartean kultura zientifikoa sendotzeko, funtsezkoa da zientzia eta teknologia arloko lanak gizarteratzea, eta horretaz arduratzen direnak dutenak saritzeko eta aitortzeko helburua du sariketak.

Parte-hartzaileek lau kategoria hauetara aurkez ditzakete lanak:

Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak onartzen dira, eta bi azpikategoriatan banatuta dago:

Dibulgazio-artikulu orokorrak, 2.000 €-ko sariarekin

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, 2.000 €-ko sariarekin.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak, 2.000 €-ko sariarekin. Kategoria honetan, 2015ean euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak onartzen dira, edozein formatu eta generotakoak.

Zientzia gizartean sorkuntza-beka, 5.000 €-ko diru-laguntzarekin. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuak onartzen dira, euskaraz sortuak. Proiektuek izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan dezakete, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izango da haien muina.

Oinarriak eta informazio guztia cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean daude, eta 2016ko otsailaren 11ra arte arte dago irekita lanak aurkezteko epea.

cafelhuyarsariak@elhuyar.com helbide elektronikora bidal daitezke lanak; edo, bestela, posta arruntez, Elhuyar Taldearen egoitzara: Zelai Haundi Kalea, 3. Osinalde industrialdea. 20170, Usurbil.

Erantzun

Sartu