Teknologia albisteak

Basque Research webgunearen agurra

Erabiltzailearen aurpegia
2015-01-30 : 16:13
Basque Research webgunea ( www.basqueresearch.com) 2002an jaio zen, Elhuyarren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker eta Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri eman du 12 urtez. Basque Research proiektua kanpoko finantziazio-iturririk gabe geratu da eta honek webgunearen itxiera ekarri du.
Basque Research webgunearen azken eguna da gaurkoa. Amaierara iritsi da, honenbestez, 2002an Elhuyarren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortutako proiektu hura.

Urte luzez, Euskal Herriko ikerketa-albisteen berri eman diogu gizarteari. Nazioartean ere zabaldu dugu euskal ikerketaren albisterik, erreferentziazko zenbait webguneren bidez: Alphagalileo, Eurekalert, CordisWire, SINC, Innovations-report. Milaka albiste eta ekitaldi argitaratu ditugu 12 urte hauetan: 5.000 albistetik eta beste horrenbeste ekitalditik gora, hain zuzen ere. Bestalde, 1.100 harpide ditu Basque Research-en asteroko albiste-buletinak.

Ibilbide oparo eta zabal honetan, Elhuyarren ekarpenez gain, hor daude proiektua finantzatzen lagundu digutenak ere: Eusko Jaurlaritza (SAIOTEK, HEDATU eta IKT deialdien bidez), Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioa. Beste hainbatek bezala, krisi askotarikoei eta enbatei aurre egiten saiatu da azken urteetan Basque Research: ikerketarako finantzazio-iturrien beherakada (SAIOTEK deialdia bertan behera uztea, esaterako), komunikabideen finantziazio-eredua… Baina bizirik irauteko helduleku nahikorik ez eta, agur esan behar izan du.

Duela gutxi arte, ordea, inork gutxik aurreikusten genuen egoera hori. 2012an, Basque Research-en komunitatea indartzeko hausnarketari heldu genion, eta proiektua eraldatzen eta berritzen aritu gara ordutik.

Prozesu horren emaitzetako bat webgune berriaren lanketa izan da. Lanak ia amaiturik zeudela jakin genuen kanpoko finantziazio-iturririk gabe geldituko ginela. Beraz, Basque Research-en diseinu berria Interneten izango duzue, baina eduki berririk gabe.

Mila esker urte hauetan zuen konfiantza eta edukiak eskaini dizkiguzuen berriemaile guztiei, gure albisteak lanerako baliatu dituzuen kazetari guztiei, gure edukiak irakurri dituzuen guztiei eta proiektuan parte hartu duzuen lankide guztioi, Elhuyarrekoei zein kanpoko enpresetakoei.

Hemendik aurrera, leiho bat gutxiago izango du Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareak Euskal Herrian gertatzen denaren berri emateko. Orobat, euskal gizarteak ere bide bat gutxiago izango du horren berri izateko. Alabaina, sareko kideek egiten dutena elkarren artean zabaltzeko, nazioarteratzeko edo gizarteratzeko beharra ez da desagertu. Beharko dugu, beraz, hori egiteko bideak asmatu, eta baliabideak jarri. Elhuyarrek helburu horrekin jarraituko du, hori bait dugu xede, eta bide horien asmakuntzan parte aktiboa izaten jarraituko dugu.

Erantzun

Sartu