Atal berri bat du Elhuyar aldizkariak: Ekinean
Abenduko zenbakiaren batera, "Ekinean" atala sortu du Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariak. Zientzialariak dira atalaren protagonista, eta lanbidearen bizipenetatik dira elkarrizketatuak. Zer lan egiten duten kontatuko digute, nola iritsi diren horra, zerk bultzatu dituen zientzialari izatera, zerk kezkatzen dituen, zer nahi duten... Ikertzailea eta pertsona, txanpon beraren bi aurpegiak jasoko ditu, ekinean, atal berriak. Beste bereizgarri bat ere badu “Ekinean” atalak: ikertzaile gazteak, eta emakumeak izango direla protagonista. Eta zergatik ikertzaile gazteak, eta zergatik emakumeak? Bada, datuek erakusten dutelako askoz ere gehiago direla ikertzaile-karrera bertan behera uzten duten emakumeak gizonak baino.
Doktore-tesia egiten ari diren ikertzaileen banaketa erdi eta erdi bada emakume/gizon UNESCorenWomenin Science txostenaren arabera (2013) —% 49 / % 51 Espainian, % 47 / % 53 Frantzian—, ikertzaile-karreran aurrera egin ahala, gizonak nagusitzen dira: Espainian ikertzaileen % 38 dira emakumeak; % 26, Frantzian. Ikerbasquen, bikaintasunean oinarritutako erakundean, panorama are okerragoa da: goi-mailako 177 ikertzaile dituzte gaur egun, eta % 19 baino ez dira emakumeak; eta ikertzaile gazteentzako Fellow programara ere gizon baino emakume gutxiago aurkezten dira.
Erantzunak kargatzen...