Teknologia albisteak

Elhuyar aldizkariko lunatikoak, bilduma batean

Erabiltzailearen aurpegia
2013-10-17 : 13:49

Ez, ez da zinemak hainbeste estereotipatu duen zientzialari-eroen bilduma bat. Zientzialari ausartak ezagutuko dituzu Egoitz Etxebeste Adurizen Lunatikoak. Zientziaren bidezidorretatik liburuan, bide berriak urratzeko ausardia izan zuten pertsonak. Egoitz Etxebestek berak hitzaurrean argitzen digun moduan, “bere garaian, ordea, lunatiko gisa ikusi zituzten askok. Bizitzari eta zientziari beste modu batez begiratzeko gaitasuna edo ausardia izan zutelako. Garaiko usteekin edo sinesmenekin bat ez zetozen aurkikuntzak edo proposamenak egin zituztelako. Beste inork lehendik urratu gabeko bidezidorrak, edo desberdina izateagatik egindakoak, edo emakume izateagatik itxita zituzten bideen ordez hartu behar izan zituztenak”. 

Horregatik lunatikoak, baina ez horregatik bakarrik. Izan ere, XVIII. mendeko zientzialari esanguratsuenetako batzuk ilargi beteko gauetan elkartzeko ohitura zuten; berandu egiten zitzaiela eta etxerako bidean argia izateagatik, batik bat. Kontua da elkarteari lunatikoen kluba deitu ziotela. Eta horixe da, hain zuzen, liburuaren lehen kapituluan jasotako kronika.

Hori eta beste 28 kronika bildu ditu Etxebestek liburuan. Kronika horiek guztiak Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko Istorioak atalerako idatzi zituen, eta orain kronologikoki bilduta aurkeztu dizkigu. Aldizkarian bezala, liburuan ere kronika bakoitza ilustrazio batek laguntzen du. Manu Ortega ilustratzaileak istorio bakoitzerako propio sortu ditu marrazkiak.

Ikertzaile, dibulgatzaile… eta orain idazle. Egoitz Etxebestek (Oiartzun, 1978) Itsas Biologia eta Animalia Biologiako ikasketak egin zituen La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). Ibilbide profesionala ikerketaren munduan hasi bazuen ere, laborategia utzi eta zientziaren komunikazioari eta dibulgazioari ekin zion 2006an, Elhuyar Fundazioan. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna. Bere lehenengo liburua du hau.

Erantzun

Sartu