Berrogei urteko ibilbidea eginda jada, zenbait aldaketarekin hasi du 2013a Elhuyarrek: eguneratu egin du xedea, egokitu egin ditu negozio-unitateak, eta irudi korporatiboa, berriz, aldatu. Bestalde, azken hamar urteotan Fundazioko zuzendari nagusi eta lehendakari (Itziar Nogeras eta Jose Mari Rodriguez Ibabe, hurrenez hurren) izan direnen ordez, hauek jardungo dira aurrerantzean gure erakundearen gidari: Jose Mari Pitarke (Nanoguneko zuzendaria) izango da Elhuyar Fundazioko lehendakaria; Leire Cancio, berriz, zuzendari nagusia.
Prentsaurrekoan aurkeztu ditu Elhuyarrek hasi duen aro berri honen aldaketak eta xehetasunak. Aurrera begira jarri aurretik, Leire Cancio zuzendari nagusiak Elhuyarren jatorria eta 40 urteko bidea izan du gogoan: “Euskara ofiziala ere ez zen garaietan sortu ginen, ingeniari gazte batzuen ekimenez. Larunbatero elkartzen ziren, Donostiako lokal batean, testu-liburuak euskaratzera. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak babesa eman zion talde hari, hastapen-garai haietan. Beraz, ez da kasualitatea Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Bergarako egoitzan wolframioa isolatu zuten Elhuyar anaien izena hartzea taldeak”.
Aurrera begira jarrita, aro berri honetarako Elhuyarren xedea aurkeztu du Leire Canciok: “Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu”. Horrekin batera, xede hori gauzatzeko Elhuyarrek zein unitate izango dituen azaldu du.
Hizkuntza eta Teknologia: Elhuyarren Hizkuntza zerbitzuek eta Elekak bat egin dute, unitate bakarra osatuz. Besteak beste, hiztegigintza eta itzulpen-zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta hizkuntza-teknologiak ikertzeko I+G unitatea dute oinarri. Josu Aztiria da unitate honen arduraduna.
Zientzia: Zientzia eta teknologia gaiak euskaraz dibulgatzen dihardu unitate honek, eta besteak beste, Teknopolis telebista saioa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa eta Elhuyar aldizkaria ekoizten ditu. Ezin aipatu gabe utzi Basque Research edo Zientzia.net webguneak ere, erreferentziazkoak, biak ere, zientziaren eta ikerketaren euskarazko dibulgazioan. Maria Gil da unitate honetako arduraduna.
Aholkularitza: Lan-mundua euskalduntzen jarduten da. Metodologia oinarri, berdintasun-planak ere gidatzen ditu, eta Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresen artean dago. Euskara-planez gain, hizkuntza-planak ere garatzen ditu, nazioarteratze- prozesuan dauden enpresentzako baliagarriak. Aizpea Otaegi da unitate honen koordinatzaile nagusia.
Komunikazioa: Komunikazio-zerbitzuak eta zientzia-alorreko zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu. Manex Urruzolak gidatzen du unitate hau.
Horiek guztiak azaldu ondoren, Leire Canciok Elhuyarreko lehendakari berria aurkeztu du, Txema Pitarke, eta honi eman dio hitza. Pitarkez adierazi duenez, bere ibilbidea eta bokazioa erabat datoz bat Elhuyarren xedearekin: “Nire bokazioa ikerketa zientifikoa da, batetik; bestetik, euskaltzalea naiz. Beti saiatu izan naiz zientziaren nazioartekotasuna euskararen sustapenarekin lotzen; beraz erabat egiten dut bat Elhuyarren xedearekin”.
Azkenik, txalotu egin du Pitarkek Elhuyarren hausnarketa-prozesua: “Hausnarketa egiteko garaia zen, eta aro berria hastekoa. Etorkizun oparoa du Elhuyarrek; horretaz zalantzarik ez dut.”
Erantzun
Sartu