Teknologia albisteak

Euskal I+G+Baren urteko hamar albisterik arrakastatsuenak

Erabiltzailearen aurpegia
2012-12-20 : 11:59

Basque Research webguneak (www.basqueresearch.com) 2012an argitaratutako albiste irakurrienen hamarreko zerrenda prestatu du. BCBL zentroaren bertsolarien gaitasunaren inguruko ikerketa izan da 2012ko albisterik irakurriena Basque Research webgunean.

Euskal ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloko 525 albiste argitaratu ditu Elhuyar Fundazioaren webguneak aurten eta 10.000 lagunek baino gehiagok irakurri dute BCBL zentroaren bertsolarien gaitasunaren inguruko ikerketari buruzko albistea. Rankingean bigarrena izan da Mutrikuko olatuen bidezko energia-instalazioaren inguruko Energiaren Euskal Erakundearen albistea eta hirugarrena UPV/EHUren saguzarren inguruko ikerketa bat.

Andoni Egaña

Andoni Egaña. (Iturria: GUK)

Basque Research-ek unibertsitateetako ikerketa-taldeetan, zentro teknologikoetan, enpresen I+G unitateetan nahiz bestelako erakundeetan egiten den lana zabaltzen du, bai maila lokalean, bai nazioartean. Euskal ikerketaren sarea indartzeko bokazioz jaioa, proiektuak 10 urte bete ditu 2012an.

Basque Researcheko arduradunen esanetan, “euskal zientzia- eta teknologia-produkzioaren aparteko perspektiba eskaintzen du Basque Researchek, eta poztekoa da albisteek duten erabilera”; nabarmendu dute, orobat, iazko 435 albisteekin alderatuta, % 21 igo dela euskal I+G+Baren zabalpena. Aurtengo albiste bisitatuenak 10.000 bisitatik gora izan dituela gehitu dute, eta hamargarrenak 4.400 bisitatik gora. Batez beste, Basque Researcheko albiste bakoitzak 1.087 bisita jaso ditu.

2012ko albisteen % 37 unibertsitateetako berriemaileetatik etorri dira, % 36 zentro teknologikoetatik eta ikerketa-zentroetatik eta % 11 enpresetatik.

Azken urteetan erakusten den joerari eutsita, teknologia eta osasuna dira albiste gehien sortu dituzten gaiak, eta, haietatik ez oso urrun, enpresa- edo industria-gaiez eta ingurumenaz idatzi dute, batik bat, Basque Researchen erregistratuta dauden berriemaileek.

Hauek dira 2012an oihartzun handiena izan duten Basque Researcheko hamar albisteak:

1. Bertsolarien “gaitasuna” aztertuko du BCBLk
2. Mutrikuko instalazioak, olatuekin energia sortzen duen Europako lehen instalazio komertzialak, 200.000 kWh ekoitzi ditu urtebetean
3. Bechstein saguzarra, uste baino mediterraneoagoa
4. Zementu-enpresa handiek zementuaren sektorean nanoteknologia erabiltzeari buruz eztabaidatu dute Donostian
5. Ekarpena fusio nuklearraren egitasmoari
6. Dementzia duen pertsona bat erabakiak hartzeko gai den baloratzeko, neurologoen esku-hartzea behar da
7. Obesitateak ijito-etnian duen inpaktua aztergai
8. Dibortzioak, berez, ez dio kalterik eragiten haurrari
9. Gemsitec aplikazioa garatu du EDE Ingenieros-ek
10. BerbaTek: hizkuntza-, ahots-, eta multimedia-teknologiak praktikan

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago