Teknologia albisteak

"Dictionnaire Elhuyar hiztegiaren" bigarren edizioa, kalean da jada

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-19 : 15:09

Elhuyar Fundazioak Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa/français-basque hiztegiaren edizio berria prestatu eta kaleratu du. Bigarren argitalpen honetan, Euskaltzaindia etengabe osatzen eta Interneten argitaratzen ari den Hiztegi Batua izan da prestakuntza-lanen zutabeetako bat. Lehen argitalpenarekin alderatuta (2004an kaleratua hura), hiztegia adibidez eta oharrez hornitzea izan da lanaren beste parte handi bat; 6.753 adibide jasotzen ditu guztira, aurreko edizioak baino dezentez gehiago.

Hiztegi honetan euskarazko edo frantsesezko hitzen ordainez gain, oharrez eta adibidez osatutako informazioa aurkituko dute erabiltzaileek. Sarritan, baita sarrerari lotutako azpisarrerak ere. Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko ohiko hitz arruntekin batera, hitz teknikoak eta zenbait egitura gramatikal eta esapide biltzen ditu.

Tresna baliagarria izan nahi du irakasle eta ikasleentzat, hizkuntzak lantzen edo hizkuntzarekin diharduen profesionalarentzat, edo jakin-mina duen ororentzat. Eskolan, akademian, unibertsitatean, lanean… erabiltzeko modukoa da. Hiztegi hau frantsesa zein euskara ikasten ari den edozeinentzat erabilgarria da, adin guztietarako egokia.

Hiztegiak 42.034 unitate ditu, bakoitza eremu geografikoaren markaz, marka semantikoz eta erabilera-oharrez hornitua. Betiere, euskararekin eta frantsesarekin dabilen erabiltzaileari produktu osoa, eguneratua eta erabilerraza eskaintzeko helburuarekin.

Hiztegi hau dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta Elhuyarko denda birtualean ere.

Erantzun

Sartu