Teknologia albisteak

Euskaratik eta euskaraz, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, aurrez aurre Elgoibarren

2017-02-24 : 08:47

Martxoaren 1ean Maialen Lujanbio Elgoibarren izango da, baina ez da bertsotara etorriko. Uxue Alberdik egingo dion elkarrizketan euskararen gainean berba egingo digu Hernaniko bertsolariak. Kultur Etxean izango da elkarrizketa, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Euskaratik eta euskaraz, herri hau sortzen izango da Uxue Alberdik Maialen Lujanbiori Elgoibarren egingo dion elkarrizketaren izenburua. Elkarrizketaren iturburuan Maialen Lujanbiok Euskadi Irratian egindako honako hiru gogoetak daude:

  1. Mundua delakoan
  2. Euskaraharaino
  3. Trabatik estorbura

Maialenek hiru grabazio horietan egindako gogoeten gainean galdetuko dio, batez ere, Uxuek, eta pasarte txiki bat ere aukeratu dugu, motorrak berotzeko:

"Espainiako telebista-kateko esatariak, kolorerik mudatu ere egin gabe, horrelaxe bota zuen: "eguberrietan edozer da posible, jaun-andreok; baita islandiar batek gabon kantak euskaraz kantatzea ere". Askoz urrunago balego bezala euskara islandieratik, gaztelera islandieratik baino. Betikoa: elebakarrak uste du berea dela leku guztietara iristeko abiapuntu posible bakarra. Euskara urruti dago. Inkontziente kolektiboan euskara urruti dago. Meritua da haraino iristea. Meritua? Nonbait behar dugu abangoardia: euskara helmuga da ala abiapuntu?"

Elkarrizketa, esan bezala, Elgoibarren izango da, martxoaren 1ean (asteazkena), Kultur Etxeko hitzaldi-gelan, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatu du elkarrizketa, Udalarekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoa Foru Aldundiak diruz lagundu dute.

....................

Argazkia: Euskaltzaindia.

Erantzun

Sartu