Teknologia albisteak

Gorrotoaren itzala

Erabiltzailearen aurpegia
2014-02-08 : 12:14

Badatoz berriz Emilio Mola Vidalen oinordeko napartarrak (faxistak) erasoan. Eta ez da orain arte geldi egon direlako, ez. Euskaldunok ez gara egonean egotekoak, berez ibili, ari edo jardun egiten dugu, baina hauek ere ez dakite atzerapausorik egiten, zuzen-zuzen (euskararen) heriotzaraino...nahi lukete bidea.

Izan ere, orain arte Nafarroan UPNk harietatik eutsitako gobernuak, nafar gizartearen euskaraz ikasi, ikusi eta bizi ahal izateko egindako aldarri ozen eta lan eskergaren aurrean (gero eta ozenago egindako aldarriaren aurrean), erasoak pilatu baino ez ditu egiten bata bestearen gainean, euskaldunon gainetik.

Ohituak ginen trabetara, oztopoetara, gezurretara, .... Ohitzeko aukerak ez ditugu faltan izan: Vascuencearen Legea eta zonifikazioa, AEKri eta IKAri kendutako diru laguntzak, hedabide euskaldunak diruz itotzeko saioak, ...Olentzero gizajoa ere bahitu egin ziguten eta! Baina oraingoan, euskaldunak zuzen zuzenean, pertsonak dira erasotu egin dituztenak: gure seme-alaben irakasle euskaldunak, hain zuzen ere. Lehengo lepotik burua, oraingoan ere Emilio Mola Vidalen oinordeko napartarrak. Irakurri bestela Xabier Erizeren “Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa 1863-1936” eta argi ikusiko duzu euskaldunak eta ezkertiarrak fusilatzeari ekin aurretik ere, noraino jo zen irakasle euskaldunak baztertu edota desterratzearekin.

Lotsa gutxi behar denez, horrelakoetan ez dute denborarik galtzen eta jarraian beste eraso bat: EITBren seinalea bertan behera uzterainokoa. Gorroto hutsa al da? Ez dugu uste. Izan ere, edozein estatu nazioanitzak du helburu nagusien artean menpeko nazioak (bere ezaugarri den hizkuntzatik hasita) desagerraraztea. Eta Lapurdin, Behenafarroan zein Zuberoan irakaskuntza oztopatu nahi bada nagusiki, hizkuntzaren transmisioan emandako eten handia bere behin betiko amaiera bihurtu nahi antzuaz, bitartean Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, EAEren gobernuaren eskutik (EAJ-PNV eta PSE-EEren eskutik hartuta, PPrenetik ere haurreskolen kasuan) itxurazko normalizazio prozesu bat saldu nahi digute, euskara heriotza goxora daramana, eta euskaldunok erdaldunen artean urtuta desagertzera garamatzana.

 

Hortaz, ausardia onartu beharko diegu Barcina eta enparauei behintzat, ez baitute euskaldunen onerako ari direnik esaten. Hori bai, euren lege eta jokabide faxistetan oinarritutako aitzakiak mila. Baina aitzakia merkeak emateko aukera ofiziala laster amaituko zaielakoan, bitartean Nafarroako zein Euskal Herriko milaka euskaldun eta euskaltzale izango gaituzte aurrean, Nafarroak ez duelako merezi hizkuntza nafarraren aurka ari den gobernurik, orain arte ere herritarren atxikimenduak konpromisoak eta lanak ekarri duelako geure hizkuntza XXI. menderaino, euskararen alde eta euskaraz beteko ditugu kaleak, dendak, euskaltegiak, bulegoak, ... eta beraien belarriak, euren gogoak herritarren gogoetara moldarazi arte. Hala bedi!

 

EH Bilduko euskara lan taldearen izenean:

- Pili Robles Barainka.

- Josu Larrea Elorriaga.

- Garbiñe Zurutuza Fernandez.

- Mireia Arginzoniz Garitaonaindia.

Erantzun

Sartu