Teknologia albisteak

Eskualde garapenerako eta euskara sustapenerako darabilte Egunean Behin Estellerrian

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 10:05

Estellerri edo Lizarraldean, Nafarroa Garaian, Egunean Behin modu sortzaile eta interesgarri batean ari dira erabiltzen euskararen eta euskaldunaren sustapenerako. 19. denboraldian ekin zioten esperientziari, irailean; eta orain jarraitzen dute. Teder, Estellerriko Ekintza Taldea, da sustatzailea.

Tederrek eskualde osoaren garapen sozioekonomiko integrala bilatzen du , bere bazkide diren eragile publiko eta pribatuen arteko harremanak sustatuz, Europako funtsak kudeatuz eta herritar guztiei aholkularitza, laguntza eta jarraipena alor desberdinetan eskainiz. Joan den irailetik, Nafarroako Euskararen Institutuarekin sinatu hitzarmenaren bidez euskara zerbitzu berri jarri dute eskualdean, euskara ere Tederrek helburu duen garapen integralaren mesedetan jarriz. "Zeren bai, euskara ere, kohesio sozialerako eta garapen ekonomikorako elementu garrantzitsua bada eta ekimen honen bitartez horixe frogatzen dugu", azaldu digu Koldo Leozek, Tederreko euskara teknikariak.

Eta honela erabiltzen ari dira CodeSyntaxen Egunean Behin aplikazioa 20. denboraldi honetan: 9 herritako 16 kirol klub; klub bakoitzeko 2 ordezkari elkarrekin euskaraz jokatzen, harremanak egiten eta enpresa/saltoki desberdinen babesa jasotzen. Bikote bakoitzeko partaideen emaitzen batez bestekoa erabiltzen da sailkapena egiteko eta ekimenaren helbururik garrantzitsuena euskararen presentzia eta erabilpena ikusaraztea bada ere, bi astero, sailkapeneko onenek saritxo bat jasotzen dute babesleei esker.

Jokoan parte hartzen ari diren herriak dira: Lodosa, Allotz, Lizarra, Aiegi, Mendabia, Allo, Ameskoabarrena, Oteitza eta Zirauki, Klubak; futbolekoak CA Huracán, CD Lodosa, CD San Andrés, CD Arenas, CD Zirauki eta CD Idoya; atletismokoak, Atletismo Mendavia eta CA Iranzu KE; eskubaloikoa Lizarreria EK; pilotakoa Ameskoa KE; xakekoa Lizarra Ikastola; triatloikoa Trukua KE; eta bi mendizale talde: Mugitu eta Estella-Lizarrako Mendizale Kluba.

Denboraldi honetan kirol klubak ari diren bezala, aurrekoan (irailetik abendura) Lizarrako 10 peña eta elkarte gastronomikok egin zuten. Aste Santuaren ondoren udaberrian aktibatuko den jokoaren 21. denboraldirako ari dira jada beste alor batean eragiteko ideia lantzen.

Jokoa "lagungarri dugu Estellerriko gizarteari erakusteko bizitzaren alor guztietan euskara presente dagoela, askotan kontrakoa iruditu arren", diosku Leozek.

Erantzun

Sartu