Arrakasta nabarmena izan zuen atzo Biba Egunean Behin telebista saioak. Mugikorrarekin 25.000 lagun baino gehiago konektatu ziren jokoak iraun zuen bitartean, eta horien artetik ia 20.000 lagunek jokatu zuten partida bat edo beste. Guztira, lau txandatan, ikusle guztien artean 53.594 partida.
Telebista ikuskizunaren aldetik ere, EITBk jakinarazi duenez, audientziaren harrera bikaina izan zen: %5,7ko sare audientzia-zatia eta euskaldunen arteko %14,3ko kuota eskuratu ditu. Audientzia neurri nabarmenak dira, ohikoan 2.2ko audientzia-zati ertaina baita ETB1ena, eta 21.00etako tarte horrena, %1koa. Gaztelerazko informatiboen kontrako tartean lortutako shareak pisu berezia du.
Halaber, 63.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen programak. Beste iturri baten arabera, programaren fideltasun maila %55.2koa izan zen. Adin tarte batzuetan bereziki ona izan zen audientzia zatia:
Hona Twitterreko kontu berezitu ezagun batek zabaldutako grafikoa:
Telebista ikuskizuna entretenitua izan zen. Hiru bikote platoan, espektakulua emateko, eta horietan Mikel Perez eta Julen Otxotorenak osatutakoak irabazi zuen lehia partikularra, baina atzean geratutako Antton Telleria eta Ainoha Vitoria, eta Oihane Mateos eta Arria V.a ez ziren disgustora geratu.
Hiru sailkapeneko lehia metatua interesgarria izan zen, eta final handiarekin osatu zen, zeinean 20 sailkatuk bat egin zuten Egunean Behin jokoko 7. denboraldiko irabazlearekin.
Esperientzia sekula probatu gabean, intzidentzia zenbaiti aurre egin behar zion azpiegitura informatikoak, milaka lagunen aldibereko erabilpen frenetiko batean, eta aldi berean telebistarako datu-prozesamendu berehalakoa eskainiz ETBko errealizazioak behar zituen pantailetarako. Kontestu horretan galderetako bi irudik huts egin zuten, lau txandetako 40 galderetan, bi irudi; eta erabiltzaileen avatar irudietan ere okerren batzuk gertatu ziren. Min ematen digute oker horiek, eta badakigu jokoa pittin bat afektatu zutela, baina uste dugu ez zutela jokoaren esperientzia osoa zapuztu. Erronka tekniko nagusia zegoen partidak amaitzen ziren uneam: bi minutuko erantzuteko epea amaitzean, 10 segundu zituen sistemak 10 erantzun + denbora faktorea 20.000 telefonotatik jaso eta prozesatzeko sailkapena egiteko, eta bueltan sailkapena itzuli, indibidualki, 20.000 telefonoetara, bakoitzak bere emaitza ikusteko moduan; datuak telebistako pantailetan agertu ahala. Prozesu honek ondo funtzionatu zuen.
Azkenean, 20.000 lagunen artean zer gertatuko? berdinketa azken txanpan! Horretarako ere prest zegoen sistema: aurreko hiru txandetako emaitzek agintzen zuten. Ez bakarrik platoan, telefono guztietako sailkapenean ere ikusi zen, Bakartxo erabiltzailea lehena zela, hala erabaki zuen jokoan erakutsitako trebeziak. 2.000 euroko bidaia-paketea irabazi du Bakartxok, Ormaiztegiko irakasleak. Zozketa bidez, berriz, 1.000 eurokoa Lizardi izeneko batek eroan zuen.
Hona Bakartxo Zumarraga (hori du izena) gaur bertan Biba Zuek saioan elkarrizketatua:
Esperientzia aberesgarria eta izerdi askokoa izan da azken asteetan Biba Egunean Behin egitea. Programa pasatuta, uste dugu emaitza balekoa izan dela ekimena babestu duen EITB Lab ideia laborategiarentzat, ekoizpenean elkarlanean jardun duten Biba Zuek programako New Mediakoentzat eta aurkezle bikain horientzat (Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia), eta EITBko lantalde teknikoarentzat. Dudarik gabe hala izan da Egunean Behin aplikazioaren sortzaile CodeSyntax-ekoontzat.
Espero dugu erabiltzaile eta ikusleentzat ere guretzat bezain pozgarria suertatu izana Biba Egunean Behin. Eskerrik asko zuei.
Finala berrikusteko, hemen ikusi dezakezue, EITB Nahieranen.
Erantzun
Sartu