Egunean Behin jokoaren 7. denboraldia uztailaren 11n amaituko da, eta esan genuen, hasi ginenean, era bateko edo besteko final batekin osatu nahi genuela. Halaxe izango da, ETB1en bitartezko zuzeneko final batekin, Biba Egunean Behin programa berezian, uztailaren 15ean, 21.15etako ordu punta-puntakoan. Finala telebistan, bai, baina den denek nork bere etxetik mugikorrarekin zuzenean jokatzekoa!
Jokoaren garatzaile CodeSyntax-ek EITBLab EITBko ideia eta eduki berrien laborategiarekin landu du ideia azken asteotan. Ideia zuzeneko saio batean gauzatuko da azkenean Biba Zuek programa egiten duen lantaldearekin. Baina lehiaketaren izaera bereziak ez du finala Biba Zuek-en arratsaldeko magazinean sartuko, baizik eta emanaldi berezia izango da, 21.15etan. Gainera, gau berezia izango da ETB1en, lehiaketaren ondoren Beti Mugan telesail berria estreinatuko baita egun berean, uztailaren 15ean.
Biba Zuek-eko aurkezle Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute Biba Egunean Behin finala. Jokalariak, aplikazioa instalatuta duzuen milaka lagunak izango zarete, nor bere etxetik, denok izango duzue jokatzeko aukera. Aldi bereko partidak izango dira: denok galdera berak, aldi berean erantzutekoak. Sakelako pantaila eta telebistakoa, biak jokoan lotuta.
Biba Egunean Behin joko berezian lau txanda izango dira, ohiko hamar galderekin txanda bakoitza. Hiru txanda sailkapenekoak izango dira, denontzat, eta 4.a 20 onenek elkarren kontra azken txanpn jokatzekoa. El Corte Ingles Viajes babesle izango da, eta haien eskutik irabazle nagusiak 2.000 euroko bidaia txartela irabaziko du, nahi duenenean nahi duen tokira joateko. Parte hartzaile guztin artean 1.000 euroko beste txartel bat zozketatuko da, egoera berean bidaiatzeko.
Gainera, programari saltsa emateko, sei gonbidatu ospetsu, hiru bikotetan antolatuta, platoan izango dira euren arteko lehia berezia egiten.
Adi bada, uztailaren 15ean, hitzordua dugu ETB1en. Informazio gehiago, EITBren oharrean.
Erantzun
Sartu