Teknologia albisteak

Gailu tekno-telebisiboak, EITBren eskaintza digital berriena ikusteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-05 : 11:09

Herenegun hasitako Egunean Behin jokoaren 7. denboraldi honetan, EITB Komunikazio Taldea dugu babesle, eta sariak ere, zentzu horretan pentsatutakoak dira. Sari nagusiak telebista zabal bat eta euskaratutako Android telefonoak dira (lehen aste honetan ere bai, bi Xiaomi), baina hurrengo datozenak, Raspberry Pi 400 ordenagailua eta Chromecast gailua, prezioz garesti izan barik, praktikoak dira oso. Erakutsiko dugu artikulu honetan nola erabil daitezkeen EITBren bi zerbitzu digital telebista batean gozatzeko: Nahieran eta EITB Podkast plataforma berria.

Hauxe da Raspberry Pi 400 ordenagailua. Izatez, teklatua besterik ez, eta irteten zaizkion kableak, sagua barne. Baina prozesagailua eta sistema eragilea teklatuaren barruan ditu, eta pantailarako behar duzuna telebista arrunt bat izan daiteke: HDMI zuloa badu, horretatako kablea luzatzen da Raspberry Pi-tik.

Gailua erostean, Espainiako teklatua eskatzea praktikoa izan daiteke. Gainerakoan, erdarazko instrukzio batzuk datoz (ez euskaraz), baina behin pizterakoan, tutorial erraz batekin konfiguratzen da eta orduan bai, euskarazko bertsioa aukera dezakezu: Ubuntu sistema eragilea euskaraz txukun jarria agertuko zaizu horrela.

Orduan... EITBren eskaintza digitala ikusteko honen bidez, ireki nabigatzailean teklatuaren bidez, eta ireki bertan Nahieran https://www.eitb.tv/eu/ edo EITB Podkast https://www.eitb.eus/eitbpodkast/ Hemen adibideak beheko irudietan. Telebista handi-handi batekin egin dugu aproba, eta ikusteko nabigatzailearen leihoa txikituta jarri dugu.

Chromecast delakoa, berriz, domina baten tamainako trasto bat besterik ez da. HDMI kablearekin telebistara lotu ondoren, eta etxeko wifi sarean konektatuz gero, telefono mugikorretik telebistara ikus-entzunezko edukiak bidaltzeko balio du.

Chromecast daukazunean telebistan, mugikorreko aplikazio askok aukera eskaintzen dute bertara edukia bidaltzeko. Nahieran aplikazio berria halakoa da, adibidez.

Hor goian adierazi dugu zein ikono duen Chromecast-ak mugikorrean. Hortik klikatu eta Herri Txikiko atal bat... telebistara, bertan nahi duzunean ikusteko.

EITBk ireki berri duen Podkast atal berriarekin eta bere edukiekin ere, horrela egin daiteke Android-ek tarteko eskaintzen duen Google Podcasts aplikazioaren bidez. Hona, nola ireki dugun podkast berri horietako baten ale bat, Lokatza saio feministakoa, eta Chromecast ikonoa sakatuta, "igortzeko" aukera eman digu. Kasu honetan, bulegoko telebistara lotuta jarri dugu Chromecast gailua eta horregatik ageri 'Bulegoa' idatzita hor:

Bidali bertara eta... telebistan irudi finko bat agertzen den bitartean, audioa bertatik entzuten da noski:

 

 

Erantzun

Sartu