Datorren astelehenean, maiatzak 3, hasiko da Egunean Behin jokoaren 7. denboraldia. EITB izango da denboraldiko babeslea, eta horrekin lotuta sariak bereziki tekno-telebisiboak izango dira. Hamar asteren buruan uztailean amaitzen denean, finala egingo dugu, bai ala bai.
Denboraldiko babeslea Euskal Irratia Telebista dugu oraingoan. Bi astetako babesle espezifikoa ere izango da EITB, lehenbizikoa eta 10.a, eta denboraldiko sari tekno-telebisiboak eskaini ditu.
Tekno-sari hauekin EITBren app berriak nola erabil daitezkeen ere azalduko dizuegu aurreragoko mezu batean. Bereziki Nahieran aplikazioa oso praktikoa suertatzen da: merezi du konprobatzea nola mugikorretik lotzen ahal den telebistara.
EITBz gain asteak babestuko dituzte kanpaina, enpresa eta erakundeak honako hauek izango dira: Donostiako Udaleko turismo atala (bi sustapen berezi bi astetan), Arnasa Gara euskararen normalizaziorako ekinena, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Txalaparta argitaletxea, Ekolurra (elikadura eta nekazaritza ekologikoa), Finantzaz Haratago euskal sarea, eta Kot denda (diseinuzko arropa eta osagarriak).
Jokoaren mekanikak berdintsu jarraituko du 7. denboraldi honetan. Tarteka galdera berriak sartzen jarraituko dugu (pista: errepasatu euskal udalerrien herri mugakuideak), eta 60.000 lagun ingururentzat emozioa sortzen saiatuko gara.
Denboraldi amaierarako, hori bai, Finala antolatuko dugu. Zuzeneko topaketa eta finala egin genuen 2019ko abenduan, baina pandemiak ez digu Azpeitiko San Agustin aretoko hura errepikatzen utzi harrezkero.
Orain bai, finalaren formatua, tokia eta partaidetza, zehaztu gabe dago oraindik ezinbestean. Pandemiaren araberako arauak bete beharko dira, eta horrek emandako malgutasunaren arabera, saiatuko gara egiten, lagun gehiagorekin gutxirekin baino hobeto, baina elkar topatuz baten batzuk gutxienez. Baina egin egingo dugula, zaudete ziur.
Erantzun
Sartu