Teknologia albisteak

30 milioi galdera eginda, akabo Egunean Behin jokoaren 6. denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia
2021-03-30 : 12:33

Amaitu da Egunean Behin jokoaren 6. denboraldia. Hiru irabazleak, jokoaren aurreko aste eta denboraldiren batzuetan ere inoiz nabarmendu izan diren lagunak dira: Mikel Sarriegi 'Mielo' beasaindarra izan da garailea, Aitor Otxoa 'Urubi' Donostiako psikologia irakaslea 2.a eta Ioritz Berra 'Jortxi' jokoetan espezialista donostiarra 3.a. Zorionak! Elkar babeslearen bonoak jasoko dituzte, dendetan erabiltzeko.

150, 100 eta 50 euroko bono bana jasoko dute irabazleek Elkar dendetan inbertitzeko. Zozketa bidez ere beste bi boo banatu dira, 50 eurokoak. 'Amaia' eta 'Amets' izeneko bi erabiltzaileri egokitu zaizkie... erabiltzaile-izen arruntak dira, eta adi, garaileek bakarrik jasoko dute abisua, ez jokoko Amaia eta Amets guztiek. 

Mielo Sarriegi denboraldiko aste bat ere irabazi zuen, eta dantzaria izanik, Dantzan.eus-ek elkarrizketatu zuen duela aste batzuk. Jokoan zein ondo moldatzen den honela azaldu zuen: "Egunean Behin-ekoak baina zailagoa da gero e! Gai gehienetan ezagutza txukun bat edukitzea derrigorrezkoa da hasteko, eta neuk dagoeneko baditut urte batzuk pilatuta. Eta hortik aurrera nik uste dut planeta asko lerrokatu behar direla: galdera sortarekin zortea behar da lehendabizi, zenbaitetan ezinezkoa baita ongi aritzea; eguneratuta egon behar duzu albisteekin; praktika pixka bat eta tenplea ere beharrezkoak dira ongi eta bizkor erantzuten asmatzeko; eskarmentuak asko laguntzen du… eta seme trebe bat eduki behar da ondoan, askotan laguntzen baitit nire gabeziak betetzen".

Zortzi asteko denboraldia izan da, eta 64.000 lagunek jokatu duzue Egunean Behinen astero, erregulartasun handiarekin. Astero 380.000 partida inguru jokatu dira, denboraldi osoan, kopuru zehatza: 3.049.762. Partida bakoitzarekin 10 galdera, 30 milioi galdera erantzun dituzue jokalariok.

Aste Santuko oporren ondoren, atseden luzetxoagoa hartuta, maiatz hasieran itzuliko da berriro jokoa 7. denboraldian. Uztailera arteko 10 asteko denboraldi bat izango da seguruenik. Denboraldi horretarako nobedadeak prestatzen ari gara dagoeneko. Ordura arte!

Erantzun

Sartu