Bihar ekainak 10 hasita, eta lau astez, zuzeneko beste emanaldi sorta bat egingo dugu Egunean Behin jokoarekin. Hurrengo lau asteazkenetan, gaueko 21.30etan, Youtubetik ikusteko eta aplikaziotik jokatzeko moduan, zuzenekoetan jauzi bat egitera goaz. Edurne Azkaratek aurkeztuko ditu saioak, baina bakoitzean gonbidatu bat izango dugu, harekin batera jardun eta jokatzeko. Antton Telleria irrati eta telebistako esataria izango da lehen jokalari gonbidatua biharko saioan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta Elkar dendetako bonoak opari gisa, zuzeneko lehiaketa partehartzaile guztiei irekita egongo da. Abenduan areto batean, Azpeitiko San Agustinen egindako finalean, 150 lagunentzako jokaldi simultaneoa antolatu genuen, eta Youtube bidez konfinamenduaren erdian, apiril hasieran, 400 lagun arteko saioak izan genituen. Gonbidatuak izan ziren jokalari guztiak orduan... Orain, denentzat irekia: milaka batzuk bildu zaitezketela badakigu, eta uste dugu gure zerbitzariek eutsiko diotela. Ezer okertzen bada... "zuzenekoen gauzak" direla esan beharko dugu aitzakia gisa.
Aplikazioa eguneratua izanda nahiko izango da jokatzeko. Adi, Google Play edo Apple Dendan begiratu, ea eguneraketa berria duzun, ze ekainaren 9an, astearteko datarekin, berritu dugu aplikazioa zuzeneko hauek jokatzeko beharrezko gehikuntzekin.
Ekoizpenean, apirileko Egunean² delako haietan bezala, Hiru Damatxoko lagunak izango dira, eta Edurne Azkarate aktorea izango da aurkezlea. Zuzen-zuzenean izango da emanaldia Youtube bidez, eta baldin badakizu Youtube etxeko telebistan jartzen (Smart TV bat delako, edo Chromecast duzulako...), horixe esperientzia osoena.
Printzipioz, Egunean Behin Zuzenean denboralditxo hau lau astez egingo dugu. Gonbidatu desberdinarekin saio bakoitzean. Antton Telleria Gure Kasako aurkezlea izango da lehenbizikoa eta hurrengoak... jakinaraziko dizuegu.
Beraz, asteazkena, ekainak 10, 21:30etan: egin bat gurekin aplikazioaren bitartez eta Youtuben (laburbidea, https://labur.eus/ebz)
Erantzun
Sartu