Hemen da berriro zuen joko faboritoa, Egunean Behin. Oporraldietako beste eten baten ondoren, 4. denboraldia apirilaren 27an hasiko da, datorren astelehenean. Denboraldiaren babeslea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetza izango da, eta lehen astean ere euskarari auspoa ematen hasiko gara, Etxealditik Euskaraldira kanpainarekin bat eginez.
3.aren ondorengo etena berezia izan zen. Ohiko jokoa martxo amaieran izan zen, baina astebetez luzatu genuen jokoa, Egunean² ekimenarekin, BERrogeialdiaren astearekin. Eguneko partidatxo bat, eta zuzeneko emanaldiak Youtubez, apirilaren 8an hartu genuen atsedena azkenik, 3. denboraldiko finala ere Youtubez jokatuta, Hiru Damatxoren errealizazioarekin eta Edurne Azkaratek aurkeztuta.
Laugarren denboraldia 10 astekoa izango da, uztaila hasitakoan amaituko da. Sailkapen orokorra izango du honek ere, aurrekoak bezala, aurrekoaren logika bertsuarekin: 10 astetatik, jokalari bakoitzari 5 onenak zenbatuko zaizkio. Sailkapen orokorreko onenek finala izango dute. Presentziala izango ote den... ez dirudi erraza, baina bestela bideoz zuzenean emango dugu.
Denboraldian galdera sorta berri mordoa estreinatzea espero dugu. CodeSyntax-en garatu ditugunaz aparte, EHUrekin eta Informatika Fakultatearekin antolatutako galderak programatikoki sortzeko lehiaketatik ideia mordoa etorri ziren, eta sarituak izan zirenak zein gainerakoak, aktibatu nahi ditugu asterik aste (ez denak kolpean, joango gara iragartzen).
Beste berritasunik ere... ikus-entzunezko emanaldiekin pozik geratu ginen, eta akaso ahalegin indartu bat etor liteke hortik. Ez dugu gehiago aurreratuko oraingoz.
Urtebete pasatxo da sortu zela Egunean Behin. 80.000 erabiltzaile asteko, kopuru horietan ibili gara oporren aurreko azken asteetan. Ea martxa horretan jarraitzen dugu. Eskerrik asko erabiltzaile eta babeslei. Oraindik ez duzula instalatuta? Ekin hemendik: www.eguneanbehin.eus
Erantzun
Sartu