Teknologia albisteak

Honela izango da Egunean Behin jokoaren lehen erretransmisioa

Erabiltzailearen aurpegia
2020-03-31 : 12:27

Azken egunetako proba batzuk finduta, eta atzo hasi zelarik Egunean² Berrogeialdiko Astea, prest dugu dena gaur zuzeneko lehen erretransmisioa egiteko. Atzoko partidan lehen 50ak geratu zinetenak gonbidapena jasoko duzue parte hartzeko, eta baita beste 100 lagunek ere (zoriz zozketatuak). Aurkezlearen izena gaur arte gorde dugu: Edurne Azkarate aktore arabarra da (!). Bai bera eta bai Hiru Damatxo eta CodeSyntax enpresako langileak, nor bere etxetik lanean arituko dira hau zuenganatzeko. Konexioa, Youtube bidez, 19.00etan (telebistara Youtube bidal badezakezu, konektatu apur bat lehentxoago).

 

Egunean² errentransmisio hauetan parte-hartzeko bi modu izango dira:

  • Jokalariak, numerus clausus: egun bakoitzeko lehenak, eta zozketaz aukeratutako beste 100. Baina, adi, errepikapenik gabe, jende gehiagori aukera emateko. Nori tokatu zaio? gaur 10:45ak aldera banatu da jakinarazpena; bihartik aurrera 9.00ak aldera izango da.
  • Ikusleak... gusto baduzue eta Youtube ordenagailuan edo, are hobeto, telebistan jartzerik baduzue, ikusi nola doan lehia hemendik. Gaurko helbidea hau da, https://youtu.be/CBEw3RnrPmU. Bihar eta hurrengo egunetan aldatuko da, baina harpidetu zaitezkete Egunean Behin kanalera oharrak bertatik jasotzeko.

Aplikazioa eguneratzen baduzue, portadan zuzenekoaren berri emango duen mezu bat ikusiko duzue. Gonbidapena lortu dutenek, ikusiko dute SARTU mezua. Besteek, IKUSI botoia ikusiko dute.

Lehiari dagokionez, bi txandatan jokatuko da, lehenean 100 puntu banatuko dira, eta bigarrenean 200. Saria lehenarentzat, eta zozketaz aukeratuko den beste batentzat, sinbolikoa izango da: Egunean Behin-en mertxandisin apur bat eta liburu batzuk. Bidalketak berrogeialdia igarotzen denean antolatuko ditugu.

Nor bere etxetik lanean, eta eskura ditugun baliabideekin, ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Egin bat gurekin!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago