Teknologia albisteak

Zuzeneko erretransmisio eta partidak Egunean Behin Berrogeialdiko Astean

Erabiltzailearen aurpegia
2020-03-26 : 16:47

Egunean Behin jokoaren 3. denboraldiaren amaieran gaude. Igandean bukatuko da zortzi asteko lehia, eta sailkapen orokorreko 100 onenek egin beharko zuten finala atzeratu egingo da halabeharrez. Hala ere, jokoak jarraitu egingo du gutxienez beste astebetez, Egunean² ('egunean BER bi') izenarekin laburtu dugun Berrogeialdiaren Astean eguneko partida bat izango da, eta haren irabazle eta gonbidatu multzo batek, zuzeneko partida bat jokatuko dute biharamunean, zeina Youtubez erretransmitituko dugun.

Honelako ezaugarriak izango ditu datorren astekoak, martxoaren 30etik, astelehena, apirilaren 5era (6ra, zuzenekoa kontatuta):

  • Egunero partida bat, betiko dinamikak berdin-berdin jarraituko du. Txapelketa egunerokoa izango da, ez astebetekoa. Hau da, sailkapena egunero berrituko da.
  • Asteartetik aurrera zuzeneko partida bat jokatuko dugu 19:00etan, bertara sailkatu diren 150 lagunekin. Youtubez emango dugu eta bertatik ikusiko da. 15-30 minutu iraungo du zuzeneko bakoitzak, uste dugunez. Jokalari muga, hasteko, 150 inguru. Ikusle muga: ez dago.
  • Aplikazioko partidak izango dira astelehenetik igandera, eta zuzeneko emankizunak asteartetik (martxoak 31) hurrengo astelehenera (apirilak 7).
  • Nor sailkatuko da zuzeneko horretara? Bezperako 50 onenak eta zozketa bidez egokitutako 100 pertsona (bezperan jokatu dutenen artean zozketatuko ditugu 100 plaza hauek).
  • Jakinarazpena bidaliko diegu zuzenekora sailkatu direnei zuzeneko bakoitza den egunean, goizean. Jokalari horiek, 19.00etan konektatzen direnean, Egunean Behin aplikazioaren lehen pantailan ikusiko dute zuzenekora sartzeko botoia.
  • Zuzenekora behin sailkatu bazara, ezingo duzu berriz sailkatu: ahalik eta jende gehienari eman nahi diogu aukera zuzenekoan aritzeko.
  • Zuzenekoa Youtube bidez jarraitu ahal izango duzue, Egunean Behin kanalean (harpidetu!). Erabiltzaile guztiei jakinarazpena bidaliko dizuegu finala baino minutu batzuk lehenago, Youtubera sartu zaitezen. 
  • Hiru Damatxoko lagunak izango ditugu abentura honetan bidaide. Ikus-entzunezkoen sortzaile bikain hauek arduratuko dira emanaldiaren ikus-entzunezko osagaiez.

Hau guztia pixkat esperimentala izango da, eta enpeinu ausart samar honetan Hiru Damatxok, CodeSyntax-eko sistema arduradunek eta Laboral Kutxa babesleak jarritako ahalegina eskertu nahi dugu bereziki.

Erantzun

Sartu