Atzo jaso genuen Interneteko Argia Saria, eta pozarren gaude etzi 3. denboraldia hais behar dugulakoan. Aplikazio-joko hau egin dugun CodeSyntax enpresatik hiru lagun joan ginen Argiak antolaturiko ekitaldira, eta Maite Rementeriak hartu zuen hitza enpresaren izenean. Jarraian, bere eskertzako hitzak.
Eskerrik asko, Egunean Behin jokoa sortu dugun enpresaren izenean. Gaur niri egokitu zait altxatzea baina nirekin etorri dira Bittor Poza eta Josu Azpillaga lankideak ere. Gure izenean eta Eibarren geratu diren beste guztien izenean eskerrik asko.
Eskerrik asko Argia, ez bakarrik gaurko ohoreagaitik, baita aste batez Egunean Behin jokoa babestu zenutelako. Eta aprobetxatu nahi dut eskertza babesle guztiei zabaltzeko. Izan ere, euskaldunen komunitatera iristeko tresna bat daukagu esku artean.
Institutuetako gazteen mugikorretan gaude, euskañolez dihardutenen horien artean. Eta familietan: Pozik gogoratzen naiz Gabon hauetan lagun batek egindako komentarioa: Jo ze ona Egunean Behin Remen!, guretzat familiarentzako momentua da. Afaltzen jarri aurretik... Benga goazen Egunean Behin egitera... Inoiz ez dira hain azkar etorri mahaira!!! - Esaten zidan.
Eta ez daukat ahazteko San Agustineko finalera bere ilobaren besotik etorri zean 92 urteko Manolo Larrañaga. Jokoa instalatu zuenetik ez omen du egun bakarra faltatu eta bere taldeetako sailkapenetan goi-aldean ei dabil.
2019an hasi ginen. 10.000 erabiltzailerekin bukatu genuen lehen denboraldia udn eta Gabonetan, 2. denboraldia amaitu zenean, 60.000 ziren erabiltzaileak. Argi daukagu, ahoz ahoko prozesu bat izan da hau. Erabiltzaileak izan dira gure komunikatzaileak.
Eta amaitzeko, sari hau poz haundia da, baina baita erantzunkizuna ere. Jokoa berriro jarriko dugu martxan astelehenean, klasifikazio berria, diseinu ikutu batzuk, galdera batzuk kendu beste batzuk ipini. Baina... Jarraituko ote dugu poz txiki bat ematen, egunean behin bada ere, milaka laguni euskarazko kulturaren inguruko joko batekin? Horixe da gure asmoa. Ea zorterik daukagun. Eskerrik asko.
Bere aldetik Xabier Letona Argiako kazetariak honela aurkeztu zuen Egunean Behini emandako saria:
“Otsailaren 3an itzuliko gara”. Urte berriarekin batera Hori irakurtzeak dozenaka milaka laguni hutsunea sorrarazi digu. Izan ere, aurrena engantxarazi, yonki bilakatu eta ondoren eguneko dosia horrela, bat-batean, eskuetatik kentzea… hori ez da egiten.
Halere, eskerrak eman behar dizkizuegu. Eskerrik asko galdera existentzialez betetzeagatik 2019ko egunak:
- Oindolar mendiak 765 metro ditu ala 763?
- Gaur azkar egin, ti-ta, pentsau barik, ala tenplau?
- Kabeeeen zotz, Mikel potrosoak berriro 10 egin ditu, zein engainatuko ote zuen bera laguntzeko?
- 1978ko Eurovisión Israelek irabazi zuela ez du esan ba… baina noiztik dago Israel Europan!?
Galderak galdera, esker mila behin edo beste Einsteinen pare sentiarazteagatik eta… garrantzitsuena, mila mila esker, komunera joatea orain emaitza jakinik gabeko abentura bilakatzeagatik.
Erantzun
Sartu