Azken egunetan, talde handiak sortzeko deiak ikusi ditugu Egunean Behin gure jokoaren erabiltzaileen artean. Herri baten baino gehiagotan herriko taldea sortu dela jakin dugu, eta kasu batzuetan, sari antolatuekin ere bai. Horixe da Zumaian Baleike herriko komunikabideak antolatu duena, eta Ulma kooperatiba taldeko langileen artean egin dutena da beste adibide bat.
Udaberrian jakin genuen era honetako lehen ekimenarena: Eako Udalak, Ea, Natxitua eta Bedaronako taldea sortu zuen Bizkaian, eta aste batzuez sariak banatu zituzten.
Geroago, talde informalak han hemenka sortzen joan direla jakin dugu, udaletako euskara zerbitzuren baten babesarekin ere kasuren batean. Herri taldeak sortzeko deiak Twitterren ere ikusi ditugu, talde batera gehitzeko kodea banatzen. Horra adibide parea:
Zumaian, babeslea ere (Onura fisioterapia) bilatu dute Baleike agerkarikoek. Azaroaren 18tik 24rako astean egindako sailkapenean emango da saria. Adi beraz, zumaiarrok, astelehenean hasten baita lehia.
Ulma Taldean (Oñati eta inguruetan kokaturiko zenbait kooperatiba industrial dira), abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunari begira antolatu dute taldea. Barruko taldea da, langileentzakoa, eta azaroaren 25etik abenduaren 1era izango da lehia. Han ere, sariak izango dituzte.
Taldeak gure jokoaren aukeretako bat dira. Irudian ikusten duzuen bezala, edonork du aukera talde bat proposatzeko, edo beste batek taldea sortu duenean, hark banatutako giltza edo gakoa sartuz, taldean parte hartzeko.
Sariekin ari diren talde gehiagoren berri baduzue?
Erantzun
Sartu