Teknologia albisteak

Egunean Behin jokoak markak hausten ekin zion denboraldi berriari

Sustatu
2019-09-25 : 08:17

Oporretatik indartsu itzuli da Egunean Behin euskarazko mugikorreko jokoa. Joan den astean, erabiltzaile eta partida-kopuru errekorrak erdietsi genituen. Udan egon ziren desinstalaketak, baina gehiago izan dira etorri diren erabiltzaile berriak (eta desinstaletuek ere ekingo zioten berriro batzuek, uste dugu). Bigarrren aste honetan ere, sari interesgarria: gau bat igarotzeko aukera (gosariarekin), Mutrikuko Haitzalde ostatuan.

67.633 partida jokatu zituzten 13.134 erabiltzailek pasa den astean, uztaileko azken astetik %12 eta %21 haziz, hurrenez hurren. Euskara hutsean dagoen galdera-erantzunen joko batean, bada zerbait. Goiko grafikoak, erabiltzaileak erakusten ditu.

Oporretatik bueltan jokoa berriz instalatzeko nahiak, edo erabiltzaile berrien kopuruak, beste estatistikaren batean ere agerrarazi gaitu. Ez da beste munduko ezer, baina Espainiako iPhone jokoetan, Trivia kategorian, 12. azaldu ginen joan den asteko estatistiketan.

Milaka erabiltzaile horietatik, 10 lehenek ziurtatu dute lekua abenduan izango den Zuzeneko Finalean. Oraingoz, jakinarazi diegu apuntatuta daudela. Aurrerago egongo dira instrukzio gehiago, nola eman izena, baieztapena... Asteko irabazleek, gehienez, finaleko erdia beteko dute; beste erdia gehitzeko izen-emate bat irekiko da aurrerago.

Aste honetako saria, berriz, Mutrikuko Haitzalde ostatuan egonaldia. Eguraldi ona ez dugu ziurtatzen, egonaldi goxo bat bai.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu