Martxoaren 27tik 29ra bitartean egingo da Armeria Eskolako patioan, Eibarren, ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren laugarren edizioa. Erakusketa espazio bakar batean Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeetan eskaintzen diren heziketa ziklo eta prestakuntza-ibilbide ezberdinak bildu eta erakutsiko dira. Debabarreneko DBHko eta Batxilergoko 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik.
Parte hartuko duten LHko ikastetxeak zortzi izango dira: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.
Debabarreneko eskualdean 2013az geroztik ospatu da, bi urtetik behin, ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketaren Azoka, Debabarreneko 8 Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek elkarlanean antolatuta. Egitasmoaren helburu nagusia da kalitatezkoa den eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea.
ABIAN azokak, beste behin, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailaren eta SD Eibar Fundazioaren laguntza ekonomikoa jaso du.
Halaber, eskualdeko hamahiru enpresa industrialek ekimenarekin bat egin dute, Lanbide Heziketaren sustapenean euren konpromisoa eta lankidetza erakutsiz. Enpresa laguntzaile dira: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.
Debabarrenean egun 45 bat heziketa ziklo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, horien artean LH Duala, enplegagarritasun handikoa eta enpresek oso estimatua dutena.
ABIAN azokak iraungo duen hiru egunetan, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleen bisitak izango dira; 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik, etorkizun hurbilean zer ikasketa egin erabakitzeko informazio osoa izan dezaten.
Ikasleez gainera, publiko orokorrak ere zabalik izango ditu azokako ateak (gurasoak, orientatzaileak, langabezia egoeran dauden pertsonak...). Hitzaldiak eta tailerrak ere antolatuko dira, irekiak eta doakoak, interesa duten herritar guztiei zuzenduta.
Erantzun
Sartu