JantziAgain: bigarren eskuko arroparen merkatutxoa eta joste eta jantzigintza tailerrak
2013-01-24 12:02
JantziAgainek bi jarduera-esparru ditu, alde batetik bigarren eskuko arropa elkartrukatzeko merkatutxo arautua, eta bestetik josketari eta jantzigintzari buruzko ezaguerak partekatzeko gune iraunkor bat, erabilitako janzkiak konpontzera eta pertsonalizatzera bideratua. Topaketak hilabete bakoitzeko azken igandeetan izango dira Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko "Kaperan", 10:00etatik 13:00etara.
Elkartruke topagunea
Ekar ezazu zure arropa JantziAgaineko elkartrukerako puntura. Bertan “jantzipuntuak” jasoko dituzu trukean, JantziAgainen edozein saiotan beste arropa batzuk eskuratzeko.
Arroparen puntuazioa
- Jantzipuntu 1: arropa sinplea eta kamisetak.
- 2 jantzipuntu: galtzak, alkandorak, gonak, jertseak eta artilezko arropak.
- 3 jantzipuntu: berokiak, jakak, konjuntoak, trajeak eta antzekoak.
Gogoratu…
- Arropak garbia egon behar du, zulorik edo orbanik gabe.
- Gehienez 5 arropa-pieza ekar daitezke pertsona bakoitzeko, saio bakoitzeko.
- Janzteko arropa bakarrik onartuko da. Ez da oinetakorik, barruko arroparik edo etxeko arroparik onartuko.
- Arropa esekigailuetan egongo da ikusgai, edonork begiratu eta aukera dezan.
- Antolakuntzak izango du arropa onartzeko edo ez onartzeko eskumena, bai eta, puntuazioa ezartzeko ere.
- Antolakuntzak onartzen ez duen arropa, erabilitako arropen edukiontzietara edo Garbigunera eraman beharko du ekarri duen pertsonak.
Joskintza eta berrerabilpen tailerra
JantziAgainek joskintzari, jantzigintzari, arropen konponketari edota arroparen pertsonalizazioari eskainitako ezaguerak eta jakituria elkartrukatzeko lekua izango ditu. Eremu ireki eta sortzailea, non partehartzaile guztiek beren esperientziak kontatzeko, trukoak eta teknikak erakusteko edota arropari elementu bereizgarriak gehitzeko aukera izango duten, guztia giro atseginean.
JantziAgainek josteko elementuak eta materiala jarriko ditu, baina lanak burutzeko janzkiak norberak ekarri behar ditu. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Erantzunak kargatzen...