Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunari begira, Egunean Behin-eko lehiaketa berezia antolatu du Astindu Euskara Elkarteak Astigarragan, CodeSyntaxekin lankidetzan eta Astigarragako Udalaren babesarekin. Gaur joko paralelo bat aktibatu da jokoan, Astigarraga Astindu taldean daudenentzat, eta abenduaren 3an zuzeneko final bat egingo da herrian.
Gaur hasita eta abenduaren 2a arte, Egunean Behin-eko ohiko partidaz gain, berariaz Astigarragarako sortutako partida jokatu ahal izango dute astigartarrok. Beraz, aste hauetan zehar bi partida izango dira: Egunean Behin partida orokorra eta, taldean sartutakoan, Astigarragakoa ere bai. Horretarako, nahikoa izango da aplikazioaren barruan Astigarraga Astindu izena duen taldearekin bat egitea. Taldean sartzeko ondorengo giltza edo kodea erabili beharko da 0565A5.
Astigarragari buruzko 10 galdera izango dira asmatu beharrekoak (lekuak, pertsona ezagunak, elkarteak....). Helburua da Astigarragarekin zerikusia duten gaiei eta astigartarrei buruz ezagutza areagotzea herrian. Galdera berak aurkituko dituzte jokalariek, eta hortaz, sailkapena ez da hain adierazgarria. Ondokoari ikusi badizkiozu galde-erantzunak, 10 asmatzeak ez du hainbeste meritu; baina ez egin hori, jokatu jator, eta ea nola doakizun, ez pentsatu puntuaketan, ze sariak ez dira horren arabera eguneroko lehia honetan.
Hiru asteko ibilbidearen eta entrenamenduaren ondoren, abenduaren 3ko final handia iritsiko da. Erribera aretoan jokatuko da, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan Astigarragako eragileek antolatutako ekitaldien baitan. 3 partida jokatuko dituzte bertara hurbildutakoek. Hori izango da benetako lehia, zeinek ondoen eta azkarren, han bai sailkapena esanguratsua izango da (eta sariak 3 onentzat).
Abenduaren 3ko finaleko irabazleek izango duten sari nagusia, Errigora ekimeneko saski bana izango da, baina bestelako zozketak ere izango dira. Esate baterako, azaroaren 16ko astean egunero jokatuko dutenen artean Ikatza kafetegiko 2 laguntzentzako gosaria zozketatuko dute, eta azaroaren 23ko astean jokatuko dutenen artean urtarrilaren 9ko Olatz Salvador eta Garazi Esnaolaren kontzerturako sarrerak. Baina ez hori bakarrik, Lizeagako sagardoa eta Bada Euskaldunon Topaguneko poltsak ere zozketatuko dira eta. Sari horiek guztiak, dena dela, in-situ jasoko dira abenduaren 3ko finalean.