Teknologia albisteak

Milioi bat partida Tagzanian, euskal bazter errazen eta zailenak determinatzeko (Guggenheim, Ahedo)

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 10:32

Abenduan berrabiarazi genuen Tagzania aplikazio / jokoan mugarri bat gainditu da Aste Santu igaro berrian: milioi bat partida jokatu dira. Eta egunero 10.000 lagunetik gora ari direlarik, gora doa kopurua. Datu multzo bat bilduta dugu, hortaz, jendeak non asmatzen duen eta non ez, eta oraingo honetan Euskal Herriko tokiei erreparatuko diegu. Agian ez da sorpresa, baina hauek dira Euskal Herriko toki ezagunenak, jendeak mapan kokatzen hurbilen asmatzen dituenak: Guggenheim Museoa Bilbon, Kontxako badia Donostian, eta Ipurua futbol-zelaia Eibarren.

Ehundaka toki daude Tagzanian, baina urte hasieratik jokoan agertzen direnek badute bi mila bat agerpen. Horien artean, hauek dira Euskal Herriko toki errazenak, bakoitzaren bataz-besteko distantziren arabera, jendearen mapetako kliketan:

  1. Puppy: 0.98 km
  2. Guggenheim Bilbao Museoa: 1.26
  3. Ipurua futbol zelaia 1.29
  4. Omenaldia Flemingi 1.48
  5. Zurriolako zubia 1.53

Lehen biak, toki berekoak dira funtsean, Guggenheimen aurreko txakur loretsua da kilometro baten barruan jendeak errazen kokatzen duen Euskal Herriko puntua. Eibarko futbol zelaiarena sorpresa txiki eta atsegina da CodeSyntax-entzat, Tagzaniaren egileontzat, herri horretan kokatuak baikaude. Eta gero Donostiako bi puntu daude: Omenaldia Flemingi da Txillidaren lan bat Kontxako badian dagoena, eta pittin bat ezagunago Zurriolako zubia baino (honen bistetan Kursaal antzokia ere nabarmentzen da; bestearenean badia ikusten den bezala, Tagzaniako puntu bakoitza argazki sorta batek ilustratzen baitu).

Euskal Herriko toki zailenak, geure katalogoan, aldiz, hauek dira:

  1. Ahedo 95.51 km
  2. Trapagarango eliza 93.16
  3. Derio 90.59
  4. Petilla Aragoi 87.41
  5. Otsozelaiko harpeak 83.78

Datu bitxi bat, Ahedoren kokapeneko argazki nagusian, Karrantzako kontzeju honen izena agertzen da bide-seinale batean. Hau da, jendea konturatzen da Ahedo dela, baina inork daki apenas non dagoen Ahedo. Eta Euskal Herriko mutur batean egonda (Petilla Aragoi bezala), zailtzen da kontua. Trapagarango eta Derioko kasuan, uste dugu eraikinen arkitekturak despistatzen duela, eta Otsozelaiko harpeez... ba ez dakigu.

Ahedo letreroz ilustratua egoteak, eta beste toki batzuk ere ezagutzeko modukoak izatea, eta mapan kokatzea beste kontu bat da. Gasteiz, Iruñea edo beste toki batzuk identifikatzen errazak direla uste dugu, baina nonbait Ipurua, edo Bilboko eta Donostiako puntu jakin batzuk mapan zehatz asmatzea errazagoa da nonbait.

Era berean, 100 toki errazenei ere begiratu diegu eta ezagutza / asmakuntza oso kontzentratua dago Bizkaia eta Gipuzkoan:

  • Bilbo: 18 (hau da, 100 toki asmatzen errazenetan, 18 Bilbon daude)
  • Bizkaia, Bilbo kenduta: 18
  • Donostia: 16
  • Gipuzkoa, Donostia kenduta: 25
  • Gasteiz: 8
  • Araba, Gasteiz kenduta: 0 (zero)
  • Iruñea: 5
  • Nafarroa Garaia, Iruñea kenduta: 2
  • Baiona-Angelu-Biarritz konurbazioa: 5
  • Ipar Euskal Herria, BAB kenduta: 3 (eta 3ak Lapurdin daude; hau da, zero toki Nafarroa Beherean edo Zuberoan ehun ezagunetan)

Jokoa sinplea izateaz gain, Tagzania erraza izatea nahi genuke, baina uste dugu ezin dugula desoreka geografiko bat behartu Euskal Herrian. Zaila da Zuberoan edo Arabako Mendialdean ezer asmatzea? Baita herrien seinaleak ageri direnean argazkietan? Ba zer egingo diogu, baina egon egon behar dute jokoan, uste dugunez.

Nolanahi ere, toki banaketa eraldatuko da denborarekin. Jokalarien ekarpenak gertatzen dira egunero (aplikazioaren bidez, toki jakin batean zaudela, argazkiak igo eta tokia proposatu daiteke), eta hauek "fluxu" batean ditugu, printzipioz jendearen proposamenak ontzat emanez balekoak badira, baina tarteka iraungi ere egingo dira, proposamen berriei toki egiteko.

Hurrengo batean, munduko tokiei buruzko estatistikak, izan ere, partida bakoitzean Euskal Herriko toki bat erakusten da, eta beste bat atzerrikoa. Bitartean, oraindik ez baduzue ezagutzen joko/aplikazio hau, instalatu hemendik: Tagzania.com 

Erantzun

Sartu