Teknologia albisteak

Euskal Herritik haratago, Pirinioak eta gehiago Mendiak aplikazioan

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 11:46

Pirinioetako eta Iberiar Penintsulako mendien katalogoa gehitu dugu Mendiak aplikaziora. Abuztuan hazi zen mendi katalogoa, eta dagoeneko igoera mordoxka bat erregistratu dituzte erabiltzaileek. Webgune gisa kontsulta daiteke Mendiak.eus, baina erabilpen aproposerako, app bidez (iOS eta Android). 

Euskal Herriko mendien informazioa ematea du helburu nagusia Mendiak app-ak eta bere webguneak. Halaxe izan da hasmentatik eta gure lurraldeko 3.000 mendi ingururen fitxak ditugu kargatuta aplikazioan. Hala ere, mendizale askoren eskaera izan da Euskal Herritik kanpoko mendien fitxak ere gehitzea, horrela euren igoerak markatu, gorde eta partekatu ahal izateko. Azken asteotan zehar egin dugu lan hori eta Iberiar Penintsulako zein Pirinioetako (Frantzia, Andorra, Okzitania...) mendi nagusien katalogoa gehitu dugu gure datu-basera, 264 mendi-tontor guztira.

Mendiak aukeratzeko orduan, Euskal Mendizale Federazioak bere katalogoan dituen gailurrak aukeratu ditugu. Hau da, 100 mendien lehiaketarako puntuagarri direnak. Gehienak Pirinioetakoak dira (erdiak, gutxi gora-behera), baina Iberiar Penintsulako gainontzeko mendilerro nagusietakoak ere makinatxo bat dira, Portugal eta Galizian hasi eta Granada zein Almeriaraino.

Euskal Herritik kanpoko mendi hauetan gehikuntza izan zirenetik hona igoera gehien izan dituztenak (15-30 bitartean), kasu askotan mendizaleek igotako argazkiekin.
Mendien izenari dagokionez, Euskal Mendizale Federazioak hartutako irizpideari jarraiki diogu, tokian tokiko hizkuntza eta toponimiari lehentasuna emanez. Horrela, mendien izenak asturieraz, aragoieraz, katalanez edo okzitanieraz aurkituko ditugu lehenetsita gure fitxetan. Adibidez, Vinhamala (Vignemale) / Comachibosa. edo Pic deu Mieidia d' Aussau (Midi d' Ossau).
 
Sustatu egiten duen enpresak,CodeSyntaxek, sortua eta kudeatua da Mendiak app-a. Instalatzeko, hemendik:

Erantzun

Sartu