Datorren astelehenean, urtarrilak 27 dituela, abiatuko da Egunean Behin jokoaren 17. denboraldia: Euskaraldia da babeslea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailaren laguntzarekin. 10 astez luzatuko da, arauetan aldaketak daude saridun gehiagori aukera emateko, eta galdera sorta berriak egongo dira, horien artean bat laster irtengo da den euskal joko/app berri batekin lotutako erronkak planteatuko dituena. Duela ia 6 urte plazaratu zuen CodeSyntax enpresak jokoa eta azken denboraldiak, 2024ko udazkenekoak, 60.000 parte hartzaile izan zituen.
Asteroko lehia babesten eta sariak ematen, denboraldiko babesleen artean egongo dira Euskaber (Eusko Label arrautzak), Taupa Mugimendua, SPRI taldea, edo Gidabaimenak Euskaraz euskal auto-eskolen ekimena. Denboraldi amaieran, Kultura eta Hizkuntza Sailak emango dituen sari nagusiak banatuko dira: lehen sailkatuarentzat telebista bat; 2. eta 3.arentzat telefono bana; eta zozketa bidez, aurikularrak eskuratzeko aukera.
Jokoak ematen dituen sariak banatuago izateko asmoz, gainera, saridun errepikatuak ebitatzeko arauak eta funtzioak egongo dira jokoan: asteko lehiako sarietik kanpo geratuko dira 2024an asteko garaile izan direnak. Era berean ez da saridunik errepikatuko denboraldian zehar ere. Sailkapenak ez dira aldatuko, baina jokalari batek jada sari bat eraman bazuen 2024an edo 17. denboraldi honetan aste batean 1.a geratu bada, 2.ari edo sailkapenean hurrengo den irabazi gabekoari esleituko zaio saria. Denboraldi amaieran izaten diren hiru sari nagusietan ere, 2022tik aurrera izandako garaileak (denboraldi bakoitzeko 3 lehenak) salbuetsiko dira. Sailkapenari begiratuta, saririk gabekoen artean lehen 3ek jasoko dituzte sariak.
Egunean Behinen ereduaren arrakasta ikusita, aste gutxi barru beste joko / app bat aterako du CodeSyntax-ek. Egunero egiteko erronka bat planteatuko du app horrek, baina desberdina izango da, noski. Erabiltzaile euskaldunei zuzendutako eduki izango da nagusi jokoan, hori bai. Egunean Behin jokoan bertan iragarriko da jokoa aste jakin bateko "babesle" bihurturik, eta beste joko horren erronkekin zerikusia duen galdera sorta bat ere sartuko da Egunean Behinen. Adi!
Erantzun
Sartu