Teknologia albisteak

Mendiak app berrituta, zazpi urtean 125.000 igoaldi markatu ondoren

Erabiltzailearen aurpegia
2023-11-10 : 08:48

2016ko udazkenean sortu zuen CodeSyntax enpresak Mendiak webgunea eta aplikazioa, Euskal Herriko mendien datu-basea. Euskal Herriko 3.000 mendi ingururen informazio osatua ematen du eta, gainera, mendizaleei tresna erabilerraz bat eskaintzen die euren igoerak markatzeko eta lagunen artean partekatzeko. Aplikazioa euskaraz dago eta Androiderako zein iPhonerako dago garatuta, eta berritu egin dugu.

Zazpi urte hauetan aplikazioak 30.000 deskarga baino gehiago izan ditu, euskarazko aplikazio batentzat marka handia dena, eta aplikazioaren bitartez 125.000 mendi-igoera markatu dituzte euskal mendizaleek eta 110.000 irudi ere gehitu dituzte datu-basera.

Mendiak app-aren bertsio erabat berri bat argitaratu dugu, orain arteko antolaketa beretsuarekin, baina teknikoki berritua, arinagoa eta erabilgarriagoa, eta diseinuz ere modernoagoa. Lan berezia egin dugu mapen sistema eta mapa bidezko nabigazioa eguneratzen eta hobetzen. Aldaketak aldaketa, jatorrizko helburuari tinko eusten diogu: euskal mendizaleentzat aplikazio arin eta erabilgarri bat eskaintzea, beren mendi-igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko.

Apikazioaren ezaugarri eta helburu nagusiak hauexek dira:

  1. Euskal Herriko mendien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa ematea: kokapena, altimetria, argazkiak, mapak, eta abar. Une honetan 3.000 mendiren informazioa aurkituko duzu.
  2. Norberak igotako mendiak markatu eta gordetzeko aukera ematea.
  3. Aplikazioak estatistika pertsonalak ematen dizkio erabiltzaileari (zeintzuk mendi igo dituen, noiz, zenbat aldiz,...). Horrela, aplikazioa, mendizalearentzat datu-base eta katalogo pertsonal modukoa ere bada.

Euskaraz dago, doakoa da, eta Android zein iPhonerako dago garatuta.

Informazio gehiago, geure webgunean.

 

Erantzun

Sartu