Teknologia albisteak

Tokikom Plataforma,hauteskunde emaitzetarako prest

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-05-27 : 10:57

Tokikom-eko hedabide euskaldunak prestatzen aritu dira udal eta foru hauteskunde hauetan datuak zehatz eman ahal izateko bihar. Codesyntax enpresatik elkarlanean garatzen egon gara tresna multzo bat, bihar beren webguneetan informazioa eguneratua jaso dadin  (eta telebistak dituzten hedabideen kasuan, haietarako datu eta irudiak bideratzeko moduak). Izatez, jada ikus daiteke webguneetan aurreko hauteskundeetako historikoak kargatuta daudela, adibidez, AiaraldeanGoienanEuskalerria Irratian, Anboton...

Goiko irudiko hori, Karkara webgunekoa da, gaur ere bisitatu daiteke eta lehen blokeak hutsik daude oraindik, baina bihar beteko dira. Aurreko hauteskundeetako datuak, dena dela, hor daude. Eta tresna interesgarri bat, konparaketak egitekoa:

Kasu honetan, ikus, Azkoitiko datuak, bi hauteskunderen artean erkatuta.

Pantaila irudi horretako ezkerreko herri-menuan, ez bakarrik Azkoitia (edo Karkarak zerbitzatzen dituen Orio eta Aia herriak), baizik eta Urola Kostako datu guztiak, kasu honetan Urola Kostako UKT taldekoa baita Karkara, betiere Tokikomen barruan.

Irudiko beste puntu bat, eskuineko hanburgesa menua. Hortik datuak jaitsi daitezke formatu desberdinetan, adibidez JPG bat zuzenean sortzen dena, hemen itsatsi duguna bezalatsu.

 

Tokikomeko lehendakari Iban Arantzabalek argibide batzuk eman ditu bere blogean lan hau nola burutzen ari diren. CodeSyntax bere aletxoak jartzen ari da, baina Tokikomek 150 langile inguru izango ditu lanean bihar. 

"Taldeko komunikabide guztiak kontuan hartuta, 150 langiletik gora jardungo dute lanean igandean, herriz herri eta auzoz auzo, hauteskundeetako emaitzen informazioa ahalik eta zehatzen kontatzeko. Irrati eta telebistek programazio berezia eskainiko dute egunean zehar, eta interneteko edizioek zuzeneko datuak emango dituzte, bozken kontaketa ofiziala hasi bezain pronto. Paperezko argitalpenek ere zenbaki bereziak aterako dituzte, batzuek astelehenean bertan, eta beste askok astean zehar. Betiko euskarrien arteko mugak apurtuko dituenik ere ez da faltako: Euskalerria Irratiak , adibidez, zuzeneko telebista saioa eskainiko du Twitch plataformaren bidez."

CodeSyntax-en aldetik, azken egunetako lan bat izan da koordinatzea informazio iturri desberdinak. Udal Hauteskundeetako datuak Espainiako Barne Ministerioak emango ditu, eta Foru Hauteskundeetakoak berriz, Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak. Aprobak egiten egon gara guzti horiekin, eta bateratasuna lortzea ez da erraza, ze bakoitzak bere atzipen sistema, formatu eta kodeketa erabaki du bereak emateko.

Baina gauzak ondo bidean, bihar dena prest, honako helbideetan:

 

Erantzun

Sartu