Teknologia albisteak

Egunean Behin jokoaren katalanezko bertsioa (Un Cop Al Dia) astelehenean hasiko da martxan

Erabiltzailearen aurpegia
2023-02-24 : 09:55

Egunean Behin jokoak bere hirugarren hizkuntza-bertsioa estreinatuko du datorren astelehenean, otsailak 27, Un Cop Al Dia katalanezko aplikazioa. Azken hilabeteetan Cwis Bob Dydd galesezko bertsioak izandako harrera onaren ondoren, beste urrats bat CodeSyntax-ek sortutako joko honen nazioartekotzean.

Hamar asteko probako denboraldi bat izango da Un Cop Al Dia-rena, asteko sari xumeekin, baina zenbait iragarle eta erakunde/elkarteren sustapenarekin, denboraldi babesle gisa sari interesgarriak jarri dituelarik Donostia Turismoa bulegoak: bi eguneko egonaldiak eta esperientzia pack osagarriak (katalanentzat ere erakargarria izan daiteke Donostiara etortzea!).

Katalanezko bertsioa CodeSyntax-ek garatu du osoki. Aritz Galarraga Bartzelonan kokatutako idazle eta itzultzailea dugu kolaboratzaile, eta baita aproba gisa babesle lanera gerturatu zaizkigun lehen elkarte eta enpresak. Kataluniako jokoaren berri izateko, @uncopaldia Twitter kontua ere sortu dugu.

Egunean Behin-en mekanika bera du bertsio katalanak, eta izena ere itzulpen nahiko zehatza da, baina kolorez itxuraldatua dator Un Cop Al Dia. Edukia, %50 inguruan, Herri Katalanetako kultura eta hizkuntzara lotua dago nagusiki.

Lagunik baduzue Katalunian, zabaldu Un Cop Al Dia, eskerrik asko. Hemendik instala daiteke:

Galesezko bertsioaren arrakasta

Katalanezko joko bertsioa baino lehenago, 2022ko urrian galesezko Cwis Bob Dydd delakoa ere garatu denuen. Hain justu, bere lehen denboraldia joan den igandean amaitu da. Cwis delakoa 12 asterako programatua hasieran, baina martxa hartua zegoela ikusirik, bertako S4C telebistak luzapena enkargatu zuen lau astekoa, eta orain, eten baten ondoren, litekeena da beste denboraldi bat hastea ere. Tinint ekoiztetxe galesarekin lanean ari da jada CodeSyntax horretara begira. Cwis Bob Dydd-en lehen denboraldia 7.000 lagunek hartu dute parte, eta Galesko arduradunek oso positiboki baloratu dute lortutakoa (ikus albistea).

Erantzun

Sartu