Sustatu sortu zuen eta oraindik albistegi teknologiko hau egiten duen enpresak, CodeSyntax-ek, 20 urte bete ditu gaur. Ospakizuna, halabeharrez, ez da publikoa eta jendetsua izan: langileen arteko lan-bileraren ondorengo txin-txin kolektibo bat izan da, Jitsi bideo-konferentzia sistemaren bidez egina.
Irudi horretan 17 lagun daude. Horien artean, hiru fundatzaileak, Garikoitz Araolaza, Eneko Astigarraga eta Luistxo Fernandez, zeinak 2000. urtean elkartu ziren Interneten eleaniztasunaren inguruan lan egin zezakeen enpresa bat sortzeko ideiarekin.
Podologo baten kontsultan izan ziren lehen bilerak, enpresa eratu zen formalki udaberrian, Getariako etxe-behe batean egoitza zuela, eta horrela baturik, egin zuten lehen gauza izan zen formakuntza bidaia bat udaberri hartan Seattle eta Silicon Valleyra, ikastaro batean zerbait ikasi eta industrian kontaktu batzuk egitera.
2000. urte haren amaieran, tokia aurkitu zuen enpresak Berrilan enpresa haztegian, Eibarko Barrenengua kalean zegoen eraikin batean. 2001eko urtarrilarekin hasi ziren lehen lanak eta soldatak gauzatzen, eta urte hartan abiatutako proiektu txikien artean bat hauxe izan zen, Sustatu, zeina 2001eko azaroan jarri zen martxan formalki.
Gaur egunean Eibarko Azitaingo poligonoan dago egoitza, Gorostaballe deritzon parajean, eta 17 langile dira, zeinetarik 14k partaidetza duten sozietatean.
Erantzun
Sartu