Teknologia albisteak

Egunean Behin jokoaren 3. denboraldia hastear dago

Erabiltzailearen aurpegia
2020-01-29 : 14:44

Otsailaren 3an, astelehenearekin, hasiko da Egunean Behin jokoaren 3. denboraldia. Zortzi asteko denboraldi labur bat izango da, denboraldiko sailkapen orokorra egongo da (taldekakoak ere bai), galderak sortzeko sustapen ahalegin berezi bat egingo dugu, eta berriz ere zuzeneko final bat izango dugu, Laboral Kutxak babestuta.

Zortzi aste horietan sariak emango dituzte babesleak izendatuta daude jada: lehena Laboral Kutxa izango da, eta erakunde honek denboraldiko sailkapen orokorra eta finala ere babestuko du. Gainera, bere bezeroentzako talde bat sortu eta ekimen propioa ere iragarri du Laboral Kutxak bere blogean.

Denboraldiko sailkapena

Zortzi astean denboraldiko sailkapena antolatzeko printzipio sinple bat aplikatu dugu: 8 astetik, 4 aste onenak zenbatuko zaizkio parthartzaile bakoitzari.

Printzipio honek balioko du sailkapen orokorrerako, eta baita taldeka egingo direnetarako. Hau da, talde bat egun batzuk barru antolatzen bada, edo taldea sortua egonik ere, kide bat orain barik geroago gehitzen bada, jokatu ahal izango du kasu horretan ere: 4 aste onenak zenbatuko dira betiere, baita 5 bakarrik jokatu badituzu.

Aurreko denboraldian ikusi izan ditugu sari edo lehiaketa partikularrak antolatu izan dituzten herri-taldeak, kafetegiak eta enpresa-barruko ekimenak... ba horientzat ideia bat daukagu: aprobetxatu denboraldi "konpaktua" eta sailkapen orokorraren ideia hau zuen partaideen artean zirrara pizteko.

Zuzeneko finala

Bigarren denboraldian egin genuen Azpeitiko finala ederra izan zen, eta hirugarren denboraldian zuzeneko finala egongo da baita ere. Denboraldiko sailkapeneko 100 lehenek aukera izango dute zuzeneko final handi batean parte hartzeko. Tokia eta ordua ez ditugu oraindik itxi. Aurki iragarriko ditugu, adi egon ;-).

Galderak berrizteko, zuen irudimena

Denboraldi berri honetarako denetariko galderekin jarraitzen dugu: atal batzuk garbitu eta eguneratu ditugu, eta galdera sorta berriak gehitu ere bai (laster zuen pantailetan). Baina horrekin batera, jokoak behar dituen milaka galdera horiek sortzen jarraitzeko erabiltzaileen irudimena erabiltzea pentsatu dugu.

Batetik, erabiltzaileek beraien galdera propioak asmatu eta irudiz horniturik (hala nahi badute) sarera kargatzeko aukera bat zabaldu dugu: Labur.eus/galdebehin helbidetik galderak proposatu ditzakezue jada (erabiltzaileen proposamen horiek jokoan agertzeko, akaso 2. astera arte itxoin beharko duzue, dena dela).

Bestetik, EHUko Informatika Fakultatearekin eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzarekin elkarlanean zera antolatu dugu: informatikako ikasleek eta programazioaren zaletuek galdera-sistema automatiko propioak egiteko lehiaketa. Otsailaren 11n hasiko da lehiaketa Donostiako Informatika Fakultatean egingo den ekitaldi batekin, eta denboraldia itxi aurretik erabakiko dira sarituak, zeintzuen artean 1000 euroko diru sariak banatuko diren, EHUk emandakoak. Laster zabalduko dugu informazio gehiago lehiaketa honi buruz.

Oraindik ez baduzu instalatu...

Egunean Behin jokoa 2019ko udaberrian hasi zen martxan. Lehen fasea udara arte izan zen eta 10.000 jokalarirekin etena egin genuen uztailean. Irailetik abendura arteko bigarren denboraldian, oihartzun dexente izan zuen aplikazioak eta Gabonetako astean 60.000 lagunek jokatu zuten.

Asteroko babeslatzari esker, bi sari egongo dira jokoan aste bakoitzean, bat lehen sailkatuari eta bestea zozketa bidez banatua. Eta oraingo honetan, esan bezala, denboraldiko sailkapena ere bai finalarekin.

Hemendik instalatu:

 

Erantzun

Sartu