Teknologia albisteak

Egunean Behineko 2019ko finalerako gonbidapenak eska daitezke

Erabiltzailearen aurpegia
2019-12-04 : 11:09

Egunean Behin jokoaren bigarren denboraldiko berritasun nagusia, "Finala", datorren abenduaren 14an ospatuko da Azpeitian. Finalerako mekanika, sariak, babeslea eta aurkezlea prest ditugu. Partaidetza osatu behar dugu orain: azken asteetan lehen 10 postuetan saulkatu direnek jaso dituzte gonbidapenak, eta toki batzuk bete dira. Gainerakoak gonbidapenez bete nahi ditugu, eta izen-ematea ireki dugu. Numerus Clausus ezartzea ezinbestekoa da, eta hortaz, gonbidapena bete bakarrik gero 14an etortzerik baduzu, eta gero, ba zozketa bidez tokatzen bazaizu... erantzunaren zain egon.

Finala Kulturaz kooperatibak Azpeitian kudeatzen duen San Agustin kulturgunean izango da, abenduaren 14an, larunbatarekin, 12.00etan. Ordubete inguru iraun dezakeela uste dugu, baina sailkatu eta gonbidatuei eskatuko diegu aldez aurretik iristeko, mesedez, izenak hartu eta aulkietan banatzeko. 150 jokalarirentzako tokia izango da, eta horregatik "numerus clausus" hau egin beharra. Badakigu interesagatik askok etorri nahi zenuketela, baina ezin denontzat tokia egin.

Jatorri eta sexu aniztasuna ere bilatzen dugu finalean, horregatik parametro horiek ere galdetzen ditugu izena-emateko formularioan.

Sari nagusia Gabonetako otar eder bat izango da irabazlearentzat. Eta asteko jokoaren mekanikan bezala, partehartzaileen artean beste saski bat edo beste ere zozketatuko da. Domusa enpresa galdaragileak, Urolako kooperatiba batek, babesten du finala sari hauekin.

Finalaren mekanikan zuzenekoak eta aldiberekotasunak izango du garrantzia: txanda bat baino gehiago izango da, eta jokalari guztiek aldi berean galdera berdinak erantzun beharko dituzte. Aurkezle paregabea izango du finalak, gainera: Kike Amonarriz.

Jokoa ez da etengo finalarekin: hurrengo bi asteetan ere iraungo du asteroko jokoak, babesle eta sariekin. Azken asteetan lortutako erakarpenaren ondorioz, pentsatu dugu ondo egon zitekeela Gabon jaietan ere, behintzat egun batzuetan, jai eta familia giro horretan ere jokatzeko aukera eskaintzea. Beraz, denboraldiko azken astea abenduaren 29an ixten den astean izango da, eta jaiekin zerikusia duten galdera sorta bereziak izango dira. Gero eten bat egingo dugu, eta urtarrilaren 27an itzuliko gara, hirugarren denboraldiarekin.

Eskerrik asko CodeSyntax enpresaren partez bigarren denboraldi honetan parte hartzen ari zareten guztiei. Finala gutxi-batzuentzako izango da bakarrik, eta test bat da guretzat ere, aproba teknologiko bat, baina espero dugu bertako esperientzia, zuzeneko ebentoa, hurrengo denboraldirako aukera posible bat izatea, han-hemenka errepikatzeko modukoa.

Gogoratu, gonbidapena eskatzeko finalerako: https://labur.eus/gonbibehin

Erantzun

Sartu