Hiribiltzen ekimenak, Europako Hiriburutza Kulturalaren programaren barruan, Donostian oinezko ibilaldiak egitera animatu nahi ditu bisitari eta biztanleak, eta erronka bat planteatu: 84 egunetan munduari buelta emateko adina kilometro egin Donostiatik irten barik.
Hiribiltzen terminoa ibili eta hiri hitzen arteko nahasketa da. Ideia hau Patxi Galarraga eta Miren Vives arkitektoek garatu dute, eta azpiegitura teknikoan eta Hiribiltzen.eu webgunean lagundu du CodeSyntax-ek.
"Ibiltariei" egindako gonbitea da Hiribiltzen: Donostiako itsasertzetik doan ibilbidean baliza edo zutoin batzuk daude detektagailuekin, eta haietara txartel adimentsuak hurbilduz gero, zutoinen artean zenbat metro egingo dituzun neurtuko du sistemak.
Apirilaren 6an hasi zen erronka, eta helburua 84 egunetan (2.016 ordu), munduari buelta emateko adina kilometroa pilatzea da (ibiltari guztien artean, alegia). Egindako kilometroen batura webgunean agertzen da unean unean, atzo arte, horrenbestekoa zen kopurua:
Teknologia bertsua erabili izan da Galarraga eta Vivesekin egindako beste proiektu batean: Hiribili, Ermuan praktika osasuntsuak sustatzeko martxan jarritako proiektua. Hona Ermuko irudi bat, nola erabiltzen den:
Donostian berriz, eskumuturrekoa izan barik, txartel batzuk hartu behar dira, eta haiek hurbildu zutoinetako detektagailuetara.
Informazio gehiago: Hiribiltzen.eu
Erantzun
Sartu