Teknologia albisteak
1

Euroku: Donostia 2016ko mugikorrerako jokoa, sariak irabazteko aukerarekin

Erabiltzailearen aurpegia
2016-03-23 : 09:16

Donostia 2016k mugikorretarako jokoa atera berri du: Euroku izeneko aplikazioa. Hiriburutzari eta Europako kulturari buruzko galderak egingo dizkio erabiltzaileari honen ezagutza neurtzeko. Erronkak gainditzen dituenak sariak jasoko ditu, gainera; Hiriburutzako merchandising produktuak, liburuak eta ekitaldietarako sarerrak eskuratu ahal izango dira. Aplikazioa CodeSyntax-ek garatu du.

Euroku mugikorrerako jokoa da, kulturarekin lotutako galdera-sorta txikien bidez, Hiriburutzari eta europar kulturari buruz herritarrek daukaten ezagutza neurtuko duena: Zenbat urte betetzen dira aurten Shakespeare hil zela? Zein herrialdetan dago Pilsen, 2015eko Kultur Hiriburua? Zein da Hungarian darabilten txanponaren izena? Grafikoak ere badira galderak: film hau zein zuzendari europarrek zuzendu zuen?


Erantzunarekin batera, esteka bat dago Donostia 2016ko ekitaldi jakin batera: goiko kasuan zinearekin zerikusia duen zerbait izango da, beste batzuetan arte-erakusketa jakin bat, arkitekturari buruzko zikloa, eta abar.

Jokoaren mekanika erraza da: erantzun zuzena asmatu galdera bakoitzari, eskainitako 3 aukeren artean. Galdera bakoitzerako denbora mugatua da (ez du balio Wikipedian begiratzea, aizuek!), baina galderen artean atsedena hartu daiteke, eta geroago itzuli ere bai. Izan ere, galdera zuzenak erreskadan asmatzean dago sarien kontua. Zailtasuna Donostia 2016ko bulegotik markatuko dute, baina une jakin batean agian 8 galdera erreskadan asmatu beharko dira saria jasotzeko.

Kasu horretan, zortzikoa asmatuz gero jarraian, sariaren berri jasoko duzu (unean unean aukeran daudenak menuan kontsultatu daitezke), kode jakin batekin. Kode horrekin, Donostia 2016ko bulegoetan azaldu beharko zara (helbideak eta ordutegiak sariaren kodearekin batera iritsiko zaizkizu), epe jakin batean. Sariak iraungi egingo dira, adi: merchandising-eko amantal bat tokatzen bazaizu, ezin duzu bulegoan utzi urtea amaitu arte, Donostiatik igaro beharra duzu egun batzuetako epean. Ez da beharrezkoa norbera joatea jokatutako mugikorrarekin ere: hiriburutik kanpo bazaude, dei dieziokezu Donostiako lagun bati, eta hark jaso dezake saria kodearekin. Ikuskizunetako sarreren kasuan, normalean bi txartel izango dira, gainera.

Euskaraz bezala, gaztelaniaz eta ingelesez ere badago jokoa, eta jokatzen ari zarela, hizkuntza batetik bestera aldatu zaitezke.


Oraingoz Android gailuetarako garatu da Euroku. Bilatu izena Google Play-n, eta instalatu. Iphone-etarako iOS bertsio laster eskuragarri egongo dela espero dugu.

Erantzunak

2016-04-05 : 13:33

Prest dago Euroku jokoaren iOS bertsioa iPhone-etarako jada. Dagoeneko dozenaka sari banatu dira :-)
https://itunes.apple.com/us/app/euroku/id1094615239?l=es&ls=1&mt=8

Erantzun

Sartu