Teknologia albisteak

#Euskaldunízate, lehiaketa bat sariekin Tribual joko-aplikazioaren barruan

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-08 : 12:28

Donostiako Euskaltegi Sarearen matrikulazio kanpainaren barruan, sustapen ekintza bat antolatu da: joko edo lehiaketa berezi bat Tribual aplikazioan, sariekin, hilabete amaierara arte.

Tribual jokoaren Android bertsioan, gaur instalatuz (edo aurretik baduzu, bertsioa instalatuz), euskarazko aukeren artean tribu edo jolas berria dago, #Euskaldunizate. Euskarazko galdea sorta zenbait agertzen dira joko horretan, Tribual-eko gainerakoetan bezala, baina aldaera berezi bat du: epe jakin batean garatuko da, eta amaitzerakoan, irabazleak sari bat eramango du (eta parte-hartzaileen artean, ausaz, beste 5 sari ere zozketatuko dira).

Sari nagusia izango da Donostiako euskaltegi batean 500 euro arteko balioa izan dezakeen matrikulazio bat. Hau da, #Euskaldunizate jokoa Donostian euskara hobetu nahi dutenei dago zuzendua batik bat. Irailaren 27an, jokoaren sailkapenean lehena geratzen denari egokituko zaio sari hori (araua zehatzagoak ere badaude, lehenak saria nahi ez balu edo). Horrez gain, parte-hartzaile guztien artean beste 5 sari ere banatuko dituzte euskaltegiek eta Donostiako Euskara Zerbitzuak.

Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Donostiako Euskaltegi Sareak antolatu dute sustapen ekintza hau, eta alderdi teknikoan, CodeSyntax-ek (Tribual-en garatzaileok) Bit&Mina eta Talaios enpresekin kolaboratu du.

Sustapen ekintzetara begira egindako hobekuntzak

Sustapen kanpaina honekin, lehiaketa tenporalak egiteko gaitasuna gehitu diogu Tribual jokoari. Era honetako beste garapen batzuk ere egin ahal izango ditugu aurrerantzean. #Euskaldunízate jokoaren kasuan bezala, aste batzuetako epean jokatu ahal izango dira lehiaketa hauek, edo baita ingurune itxi batean tarte laburragoan ere: adibidez, areto batean, kanoi eta pantaila handi batekin, 30 minutuan, bertan dauden jokalarien artean galde-erantzunen lehiaketa bizi eta azkar bat antolatu daiteke.

Donostiako Euskaltegien aldeko kanpaina publizitatearekin ere osatzen da. Tribual-en ezein jokotan bazabiltza, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez, Gipuzkoatik konektatzen bazara, euskaltegien matrikulazio kanpainaren publizitatea agertuko zaizu. Ez da gure asmoa Tribual iragarkiz jostea, baizik eta publizitate geokokatu mugikorraren aukerez zerbait gehiago ikastea, eta aldi berean, bezero honen sustapen kanpainarekin bat egiteko modu gehiagarri bat probatzea.

Erantzun

Sartu