Asteari ekitearekin (uztailak 20) hasiko da Bilbon 2015. urteko EuroPython [1] konferentzia, astelehenetik igandera arte. Astebetez Bilbo Python munduaren zentroa izango da, ere bai. CodeSyntax enpresa babesleen artean dago, eta hitzaldi batekin presentzia ere izango dugu bertan.
Lehenago ere babestu izan ditugu Python komunitateak antolatu dituen hitzaldiak, iazko PyConES Konferentziako partaidetza bezala. Beraz, etxetik gertu, antolatzaileak ezagunak izanik, gauza naturaltzat daukagu egunero darabilgun erremintaren inguruko biltzarra babestea.
2000. urtean Eneko, Luistxo eta Garik CodeSyntax sortu zutenean (bai, 15 urte bete ditugu jada!) hainbat aukera teknologiko aztertu zituzten, eta denen artetik Python aukeratu zuten, abantaila konpetitiboa eskuratzeko erreminta gisa ulerturik. Geroztik egin ditugun lan ia denak Python lengoaian egin ditugu, dela Zope, Plone edota Djangon.
Esperientzia honen inguruan hitz egingo du Mikel Larreategi lankideak uztailaren 22an, asteazkena, arratsaldeko 15:15etan: Python gure etxean: (r)eboluzioa atzo, gaur eta bihar.
Astebetean zehar hitzaldi, sprint eta biltzar mordoa dago antolatua. Zatoz EuroPython-era, oraindik ere sarrerak lortzeko garaiz zabiltza.
Erantzun
Sartu