Teknologia albisteak

Tribual jokoan berrikuntza: Tribuak, jakintza edo interes esparruen arabera

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-09 : 12:11
Mugikorretarako Tribual lehiaketa-jokoan berrikuntza gaur: Tribuak ditugu orain. Aldez aurretik baduzu instalatuta, bertsioa eguneratu ondoren, goialdean ezarri dugun menu aukera berrian klikaturik aurkituko dituzu tribuak. Oraindik ez baduzu Tribual zure Android mugikor edo tabletean, hemendik instalatu dezakezu eta jokatzen hasi.
 
Tribuak jakintza esparru zehatz batzuetan interesa duten jokalari multzoak izan daitezke. Esparru horietarako galdera berezituak prestatu ditugu, eta tribu barruan sailkapen eta partida erregistro desberdinak daude. Orain arteko Tribual orokorra ez da ezabatu: euskaldun guztien tribua da hori orain. Baina joko orokorrean jokatzeaz gain, beste aukera berri hauek daude orain:
 
  • Euskal Literaturaren tribua. Armiarma proiektuko Zubitegitik erauzitako datuekin. Non edo noiz jaio zen idazle hau? Argazkikoa ze idazle da? Liburu hau norena da? Horrelakoak. Gure eskerrik beroena Armiarma proiektuari hau egiten utzi digulako. Jakina, erantzun-zerrenda kontsultatzean, estekak eta aitortza daude Armiarmara.

  • Geografia. Euskal Herriko eta munduko herri eta herrialdeekin zerikusia duten galderak. Grafikoak dira horietako asko (Panoramio zerbitzuko irudiak, munduko banderak...)
  • Matematika. Eragiketa matematikoetan oinarritutako galderak.
  • Umeen tribua. Galdera erraz eta erakargarriak sartzen saiatu gara hemen. Mesedez, nagusiok ez sartu tribu honetan aprobak egitera, etxean seme-alabekin zaudetenean, orduan eman haiei honen berri.
 
Tribu batean zaudenean, partida berria hasteko ematen badiozu, bertan jarraituko duzu. Eta sailkapen eta partida-erregistroa ere tribu horri dagokio. Tribuz aldatzeko, interfazearen goiko aldeko ezkerretan agertzen den menuan sakatu behar da.

 
Menua irekitzean, zuk jada aktibatu dituzun tribuak izango dituzu eskura. Hasieran, tribu orokor bakarrarekin aurkituko duzu zure interfazea. Tribu berriak erraz aurkituko dituzu ordea, eta batean edo bestean klikatuz, zure aukeretara gehituko duzu.

  

Tribual jokoaren garapenean jarraitu nahi dugu hemendik aurrera ere. Tribuen aukera, joko eleanitza garatzeko urrats gisa ikusten dugu. Era berean, tribuen barruan jokalari zehatzen arteko torneo edo duelu bereziak antolatzeko aukeran ere pentsatzen ari gara. Hurrengo asteetan garatu nahi ditugu aukera horiek.
 
Bitartean, oraingo tribu euskaldun hauekin jokatzera gonbidatzen zaituztegu. Jokoa instalatuta duzuenok, eguneratutakoan izango duzue aukera; berriak zaretenak, gonbidatuta zaudete instalatzera: Google Playn aurkituko duzue erraz, Tribual bilatuz.
 

Erantzun

Sartu